Mikel Urdangarin: «Taula gaineko nire gitarraren soinua deskubritu dut»

Imanol Garcia Landa 2015ko urr. 14a, 11:57

Lehenengo aldiz emango du Mikel Urdangarinek kontzertua Alegian. Bera bakarrik izango da taula gainean, gitarrarekin lagunduta. Elizpeko zinema aretoan izango da emanaldia, etzi, ostirala, 22:00etan. Sarrerak salgai daude kultur etxean.


Alegiako estreinako kontzertua izango da ostiralekoa, beraz.

Bai, lehenengo aldia izango da. Askotan pasatu naiz, baina jo sekula ere ez.

Areto txikia izango da emanaldikoa. Ohituta izango zara ziur tamaina guztietako aretoetara.

Batera zein bestera ohituta gaude. Kontua da aretoa baino giro polita egotea, jendeak ematen dio xarma lekuari.

Eta zer duzu nahiago, areto txikiak ala handiak?

Jendea dagoen lekua, egia esateko. Areto handietan, jendez beteta dagoenean, oso polita da. Eta txikietan berdin. Nolabait hainbeste gustatzen ez zaiguna da nahi duzun jendea ikusten ez duzunean. Badira areto kuttun asko daude Euskal Herrian, baina ez da kontua denak aipatzen hastea, batzuk goraipatzea eta beste batzuk gutxiestea. Orokorrean oso areto sare polita dugu Euskal Herrian, eta are politago jendeak haietara jotzen duenean.

'Mikel Urdangarin 2015' izeneko birarekin etorriko zara. Zein da formatua zehazki?

Dagoen formaturik errazena: ni neu bakarrik, gitarra eta ahotsarekin. Horrela abiatu ginen pasa den otsailean eta gutxienez abenduaren 23a arte horrela ariko gara. Udan eten bat egin dugu, hor egin ditudan kontzertuak taldearekin egin ditudalako, baina aurtengo egitasmoa bira horrela egitea zen. Horrela egin, grabatu eta orain bukatu.

Zein formatu nahiago duzu, bakarka ala taldearekin?

Hau bakarka egin dut 17 urte neramalako musikan eta bakarlari izan arren, sekula ez naizelako agertu bakarrik taula gainean. Denbora hau pasata galdegin nion neure buruari bazela garaia bakarrik agertzeko, bakarlari izateko ehuneko ehun, eta horrelako parentesi bat osatu asmoz abiatu nintzen. Momentuz oso gustura nago bakarrik. Gozatzen ari naiz pila bat birarekin. Oso esperientzia sakona eta intentsoa izaten ari da. Orain hau bizitzen ari naiz. Epe ertainera badago taldearekin berriz biltzeko asmoa, baina momentuz esku artean duguna gozatuz ari gara.

Zer ematen dizu bakarka aritzeak, taldearen laguntzarekin arituz alderatuta?

Hasiberritan erronka handia zen bira hau. Ez da erraza berotasunari uko egitea eta taldeak berotasuna ematen dizu. Nolabaiteko jantzia eta babesa, eta laguntza handia da talde bat aldamenean izatea. Bakarrik aritzen zarenean hori guztia desagertzen da, eta zu bakarrik geratzen zara. Gauzak nolabait bideratzen dituzunean sentsazioak oso intentsoak dira, eta horixe gertatzen ari zait, oso erantzun polita jasotzen nabilela, eta bestelako gauzak deskubritzen ari naiz. Taldean ari zarenean, batzuetan zure gitarra ez duzu entzuten, eta oraingo honetan esaterako deskubritu dut taula gainean nire gitarraren soinua. Gitarra eta ahotsa bere horretan entzutea, eta horiekin jolastea eta biak erabiliz aurrera egitea niretzat gauza berria da.

Zein abestirekin ariko zara ostiraleko kontzertuan?

Orain hasi naiz pare bat kantu berri jotzen, baina biran zehar kantutegi zaharretik hartu eta moldatutako kantuak dira. Formatu honetara ondo egokitzen ziren kantuak hartu ditut, eta horiekin ibili naiz.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!