Kosta zaio esnatzea, baina jaitsi da Kukurruku elizako kanpandorretik udaletxeko balkoira eta piztu orduko joan da lehen suziria gora. Ondorioz, hasi dira Adunako Andre Mari festak, aurten, Tokapelotas kuadrillaren eskutik –Kuadrillen Eguneko bazkaria egitea ere egokitu zaie–.
Pregoian zenbait mezu bota dizkiete herritarrei. Tartean, aitortza egin diete Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketako finala jokatu zuen herriko taldeari eta maila handian lehiatzen ari den eta aurten Espainiako Kopa irabazi duen Izaro Etxarri herriko txirrindulariari.
Suziria lehertu orduko, balkoitik gozokiak eta baloi erraldoiak botatzen hasi dira. Haurrek eta ez horren haurrek ederki pasatu dute. Aldi berean, buruhandiak atera dira udaletxetik; haurrek, ordea, ez diete jaramon handirik egin. Nahikoa lan zuten gozokiak biltzen eta baloiekin jolasten.
Une honetan, herri afaria egiten ari dira frontoian Euskal Parrillaren eskutik; 200 herritar inguru bildu dira. Egunari amaiera emateko, Trikidantz taldearekin erromeria egingo du, 23:30ean hasita.
Lehen aldiz, soka dantza
Hala ere, txupinazoa ez da eguneko lehen ekitaldia izan. Oilasko biltzearekin hasi dira goizean goiz, eta eguerdian, oilasko jokoa egin dute plazan. Aurten, gainera, lehen aldiz soka dantza egin dute oilasko jokoaz gain, eta arrakasta handia izan du. Ikusleak dantzan jartzea lortu dute parte hartzaileek. Eguerdian oilasko biltzaileen bazkaria egin dute, eta arratsaldean bikotekako frontenis txapelketa bitxia jokatu dute. Herriko DBH mailako gazteek euren gurasoetako batekin osatu dute bikotea.
Kartel lehiaketako irabazleak
Txupinazoaren aurretik, jaietako kartel lehiaketako sariak banatu dituzte. Haurren mailan Alaine Ramudo izan da irabazlea; helduen mailan, berriz, Xabat Aburuza. Aburuzak bi lagunentzako Uztartza jatetxean dastatze-menua jaso du saritan. Ramudok, berriz, leku berean 30 euroko hamaiketakoa egiteko txartela.
Jaietako egitarau osoa hemen ikusi daiteke.