Eguraldi onak ez ezik, festak ere hartu du Aduna. Izan ere, Eskola Txikietako Festa ari dira ospatzen. Harrera ekitaldiarekin eman diote hasiera festari plazan, eta herriko gune ezberdinetan banatu dute ospakizuna. Jolasak ez ezik, makilajea, ile apaindegia, puzgarriak edota eskulak egiteko aukera ere izan da, besteak beste. Sagarraren ibilbidean ere murgildu dira bertaratu direnak, Aduna inguruko txokoak ezagutuz.
Eguerdian, berriz, lekuko aldaketa egin dute. Juan Kruz Igerabide idazle adunarrak egin du ongi etorria, eta horretarako berak idatzitako olerki bat irakurri du. Ekitaldian, gainera, Igerabideren semea den Beñat Igerabide eta Leire Berasaluze musikariak ere izan dira oholtza gainean, eta bikoteak sortutako aurtengo edizioko kantua abestu dute.
Ondoren, ekitaldi berezia egin dute. Izan ere, aurtengo edizioko logoa sagarra izan da eta urte honetan zehar Gipuzkoako eskola txikietako ikasleek sortutako sagarrak zintzilikatu dituzte plazan. Horiek izan dira, hain zuzen, Araba, Bizkaia, Aginaga, Aizarna, Albiztur, Alkiza, Angiozar, Arroa, Gabiri, Aizarnazabal, Berrobi, Ereñozu, Igeldo, Ikaztegieta, Altzo, Itziar, Larraul, Lizartza, Oikia, Olaberria, Errezil, Zizurkil, Abantzisketa, Bidania-Goiatz, Itsasondo, Zerain, Zubieta, Aduna eta Ezkio-Itsasoko eskola txikiak.
Sarea sortuz
Urtebeteren ondoren iritsi zaio Adunako Herri Eskolari lekukoa aldatzeko unea. Eta halaxe egin dute. Aurretik, ordea, Adunako Herri Eskolako ordezkariek esker hitzak izan dituzte iazko protagonistak izan ziren lizartzarrentzako, urtebete honetan emandako laguntzarengatik. Herri sarea sortu dutela adierazi dute, «inoiz baino elkartuago egon garelako denok gure area jartzen. Ohikoa izan da urte honetan zehar guraso taldeak elkartuta ikustea burubelarri festa prestatzen. Dena eman digu, buru hausteak ere bai tarteka, baina pozak eta ilusioak gain hartu du».
Herrian sarea sortzeaz gain, urtebete honetan eskola txikiekin harremana irabazi dutela ere azpimarratu dute. Horren isla da Gipuzkoako gainontzeko eskolek ekarri duten sagarra, bakoitzak bere izaeraren arabera apainduta. «Apainduta dakarkigu ere gure lekukoa, hainbeste mimoz zaindu eta gorde dugun lekukoa. Gure bereizgarriarekin, kolore berdeko sagarrarekin dotoretu dugu», gehitu dute.
Eta, hain justu, Ezkio-Itsasoko Herri Eskolak hartu du datorren urtean Eskola Txikien Festa antolatzeko lekukoa. Aurtengo antolatzaileek adierazi bezala, «edozertan laguntzeko prest izango gara. Zikloak eta sareak jarrai dezala».
2025. Eskola Txikien Festa, Ezkio-Itsason
Gauzak honela, Ezkio-Itsason ospatuko da datorren urteko Eskola Txikien Festa. Pozez jaso dute lekukoa Ezkio-Itsasoko Herri Eskolako ordezkariek, eta hauek adierazi bezala, «gogo eta mimo handiz antolatuko dugu datorren urteko festa eta saiatuko gara eskola txikien arteko loturetan sakontzen». Ardura handia izango dela adierazi dute, «baina oztopoak oztopo eta akatsak akats saiatuko gara geurea den zerbait sortzen».
Adunako Herri Eskolak egindako lana ere zoriondu eta goraipatu dute, «ingurura begira eta giroa ezinhobea da; sagarrak, espazioak, jarduerak, gertaratutako guztien aurpegi alaiak eta eguraldia ere lagun dugula. Aparteko festa ospatzeko osagaiak bildu dira gaur hemen. Haurrak ospakizunen honen protagonistak, dibertsio, barre eta une ahaztezinez betetzen ari dira Aduna. Gure eskola komunitateak definitzen duen nortasun sendoaren testigantza dira».