ERREPORTAJEA

Gutxirekin handia eraikitzeko artea

Jon Miranda Labaien 2024ko eka. 15a, 07:58

Adunako eskola, txikitasunean emankor. J.M.

Adunako herri eskolak antolatuko du igandean Eskola Txikien Festa; urte osoa eman dute batzordeetan festa antolatzen eta Gipuzkoako 27 eskola txikien indarrak batzeko baliatu nahi dute hitzordua.

Gipuzkoako eskola txikiek euren eguna ospatuko dute igandean Adunan. Elkarlanean ardaztuta, Eskola Txikien Koordinakundeak aipatu duenez festak eskola txikien mugimendua indartzeko balioko du. «Eskola txikiak bizirik egotetik, bizitzaz beterik egotera pasatzea da gakoa». Gipuzkoako gurasoen koordinakundean dabilen Naiara Artolak (Aduna, 1984) ere nabarmendu du herrialdean dauden 27 eskola txikietako ikasleen arteko «elkar ezagutza eta kohesioa» dela igandeko egunaren helburu nagusia. 

 

Naiara Artola, Festaren Koordinatzailea: «Ateraz gero, irabazien erdia koordinakundera bideratzea adostua dugu eskola txikiok»

 

«Kontua ez da etekin ekonomikoa ateratzea; irabaziak ateraz gero, diru horren erdia koordinakundera bideratuko dugula adostuta daukagu eskola txikiok, baliabide horiek formaziorako edo beste edozein helburutarako erabili daitezen», aipatu du Artolak. Bere garaian Adunan ikasi eta gaur egun eskolako bi ikasleren ama denak igandeko festaren koordinazioa darama. Talde zabalago batek jardun du ikasturte osoan lanean. Basopeta guraso elkartekoa «aktiboki» aritu da igandeko festa prestatzen. 

Komunikazio batzordean ibili dira, esate baterako, Ariane Lertxundi (Amasa-Villabona, 1988) eta Maider Olano (Donostia, 1987), eta azpimarratu dute igandeko bi momentutan bistaratuko dela Gipuzkoako eskola txikien arteko batasuna: «13:00ak aldera, harrera ekitaldiaren ondoren, eta lekuko aldaketa baino lehen, plazan jarriko dugun sagarrondoan euren sagarra zintzilikatuko dute Gipuzkoan dauden eskoletako ordezkariek. Eskoletako bakoitzera polispaneko sagar bat bidali dugu hango ikasleek margotu eta bertan mezuren bat idatzi dezaten. Sagarrondo hori izango da Gipuzkoako eskola txiki guztiak batuko dituen arbola». Horrekin batera, 17:30ean, Porrotx eta Marimototsek gidatuko duten ekitaldian parte hartzeko gonbidapena luzatu diete Adunatik gainerako eskoletako ordezkariei. «Dozena bat kantu izango dira eta pailazoekin dantza egiteko aukera izango dute eskoletako ikasle, irakasle eta gurasoek». Amaieran, eta festa bukatzeko, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Eskola txikiak kantua dantzatu eta kantatuko dute Adunakoek.

Eskola, estimu handian

Kantuan eta dantzan ariko direnetako bi Urki Matute (Aduna, 2013) eta Alize Bereziartua (Aduna, 2013) dira. Bosgarren mailako ikasleak dira eta «oso gustura» ari direla azpimarratu dute. «Azterketa gutxi izaten ditugu eta ederki egoten gara hemen», aipatu du Matutek. Adin aniztasuna da eskola txikiek duten ezaugarrietako bat eta Bereziartuak estimatzen du hori: «Herri txikia da gurea eta denok ezagutzen dugu elkar, harreman ona dugu. Nik ez dut anai-arrebarik, baina ia anai-arrebatzat dauzkat nire ikaskideak. Lotura handia dugu txikiagoekin ere». 

Alize Bereziartua, eskolako ikaslea: «Herri txikia da gurea eta denok ezagutzen dugu elkar, oso harreman ona dugu elkarrekin»

 

Eskolan bizitzeko beste modu bati ateak zabaltzen dizkio adin aniztasunak eta gaur egun pil-pilean dauden eztabaida askori «irtenbide logikoa» emateko moduetako bat dela aipatzen dute Eskola Txikien koordinakundetik. «Kooperazio gehiago eta lehiakortasun gutxiago lortzeko, umeen arteko harreman sano eta egokiak lortzeko, ikasleen arteko interakzioa eta elkarrengandiko ikaskuntza ahalbidetzeko, gaurko gizarterako beharrezko diren zenbait jarrera enpatiko lortzeko bermea da adin aniztasuna». 

 

Inhar Iparragirre, Eskolako Ikasle Ohia: «Eskolako oso oroitzapen gozoak dauzkat, familia osatzen genuen»

 

Matute eta Bereziartua elkarrekin ikasgela berean ibiltzen dira. 16 dira klasean eta ikaskide zaharragoak ere badituzte ondoan. Zaharrenek aurtengo ikasturtean utziko dute eskola eta haiek agurtzeko urtero antolatzen duten festa aurreko larunbatera aurreratu zuten. Trantze horretatik pasatakoa da Inhar Iparragirre (Aduna, 2007). Adunako herri eskolatik atera eta Erniobean egin zuen DBH. Gaur egun Batxilergoa egiten dabil Laskorain ikastolan. «Eskolako oso oroitzapen gozoak dauzkat, familia osatzen genuen. Nire kintakoak bederatzi gara, baina nirekin eskolan ibilitakoekin ere mantentzen dut harremana. Azkenerako kariñoa hartzen diozu eskolako jendeari». 

Iparragirrek aitortzen du «inpertsonalagoa» dela harremana eskola handiagoetan. «Adunan denak elkarrekin ibiltzen ginen, jolas garaian adin ezberdinekoekin elkartzen ginen, eta Villabonan edota Tolosan aldiz, hainbeste ikasle izaten gara, ikasgela berekoak kuadrillaka ibiltzen garela». Beste ikastetxe batera salto egiteko unea gero eta gertuago dute Matutek eta Bereziartuak. Matute Andoainera joango da ikastera eta Bereziartua Villabonara. «Anaia eta biak gara Andoainera goazen bakarrak, hortaz, lagun berriak egin beharko ditugu», esan du Matutek. Bereziartuari, berriz, ikastetxe berriko azterketek ematen diote beldurrik handiena. 

 

Urki Matute, eskolako ikaslea: «Anaia eta biak gara Andoainera joango garen bakarrak, hortaz, lagun berriak egin beharko ditugu»

 

Dena den, ziur daude elkarrekin harremana mantenduko dutela. «Betiko lagunak egin ditugu eskolan», esan dute 11 urteko bi gaztetxoek eta albotik horrela izango dela ziurtatu die Iparragirrek. «Ni pilotan ibiltzen naiz eta tokatzen zait batzuetan umeak entrenatzea, hortaz, lotura handia mantentzen dut oraindik ere Adunako eskolan dabiltzanekin». 

Igandeko festa beste aitzakia bat izango da elkarrekin egoteko. Boluntario bezala lan egiteko izena eman du Iparragirrek, eta «gogotsu» dago. Gaur egungo ikasleek, berriz, egin dute beren ekarpena eskola txikien festa prestatzeko. Eskolan dabilen Paule Cestauk egin du festarako logoa —bihotza irudikatu du sagarrarekin—. Igandeko egitaraua biltzen dituen esku-orriko mapa eskolako bi ikasleek marraztu dute, eta herrian jarriko dituzten beste bi mapa handi prestatzen ere jardun dutela azaldu du Bereziartuak: «Mapa horretan Gipuzkoako 27 eskolak kokatu ditugu, eta herri horietako bakoitzaren inguruko azalpenak eman ditugu audio batean. Igandean, Adunara gerturatzen denak, mapa horretan dagoen QR kodea eskaneatu eta gu entzun ahal izango gaitu azalpenak ematen».

Herriak ere bizirik behar du

Prestaketa lanetan aritu dira ikasturte osoan zehar Adunako herri eskolako ikasleak, baina baita gurasoak ere. 30 lagun aritu dira lanean batzorde ezberdinetan banatuta: salmenta, komunikazioa, zerbitzuak, trafikoa eta ikuskizunak. Batzorde bakoitzak bere martxa jarraitu du eta taldeko buruak, udaleko eta eskolako ordezkariek eta koordinatzaile nagusiak osatu dute koordinazio batzordea. Azkeneko hiru urteak eman ditu Artolak Gipuzkoako Eskola Txikien Guraso Koordinakundean, eta bertan gertutik ezagutu ditu Errezilgo eta Lizartzako eskola txikietako festen antolakuntzak. «Egia esan, aurreko bi urteetan festak nola antolatzen diren ikusteko aukera izan dut, eta gainera, eskola bakoitzak bukatutakoan memoria bat uzten du idatzita. Bertan jasota geratzen dira jarraitu beharreko pauso guztiak», dio Artolak. 

Eskola Txikien Gurasoen Koordinakundean lan handia egiten dute auzo eta herri txikietako eskola hauen biziraupena bermatzen. «Txikiak gara bai, eta horregatik eskola komunitatea osatzen dugun guztion arteko harremana oso gertukoa da; elkar ezagutzen dugu eta ingurunearekin, naturalarekin edota gizartearekin, etengabe interakzioan gaude». 

Herriaren eta eskolaren arteko harremana estua da. Herrian bertan eskola izatea «ezinbestekoa» dela nabarmendu du Kristina Rodriguezek (Andoain, 1971), Adunako alkateak. «Eskolan lantzen diren baloreak oso garrantzitsuak dira. Nahitaez, adin ezberdineko umeak elkarrekin egonik, eta herriko gainerako herritarrekin gertuko hartu-emana edukita, errazago nagusitzen dira errespetuzko baloreak; hori zailagoa da eskola handiagoetan. Umeek gainerako herritarrekin duten gertutasunak, gainera, bizipoza ematen dio herriari. Etorkizuna irudikatzen laguntzen digu eskolak», dio Rodriguezek. 

Kristina Rodriguez, Adunako alkatea: «Eskolak bizipoza ematen dio herriari eta etorkizuna irudikatzen laguntzen digu»

 

Eskola txikiak bizirik mantendu daitezen Rodriguezek argi du herri txikiak bizirik mantendu behar direla, eta etxebizitza politika ausartak egin, herriko gazteak herrian bertan gera daitezen. «Etxebizitza berriak sustatuko ditu udalak eta proiektu hori epe motzera martxan jartzea espero dugu, nahiz eta uste baino gehiago luzatzen ari den». Gaur egun 54 ikasle dabiltza Adunako eskolan, eta alkateak uste du bermatuta dagoela ikastetxearen biziraupena. Udaleko ordezkariek «zalantzarik gabeko» babesa emango diote aurrerantzean ere herriko eskolari. «Gure herriaren etorkizuna bermatzeko giltzarria da, bizia ematen dio herriari». 

Iritzi berekoa da Jabier Zabala (Aduna, 1954), 1987tik 2003ra alkate izandakoa. «Udaletxean egon nintzen garaian, ezertan asmatu bagenuen horretantxe asmatu genuela esango nuke, etxebizitza berriak promozionatzen. Aduna 300 biztanletik behera jaitsita zegoen, eta herritarrak bertan geratu zitezen zerbait egin beharra genuela ikusten genuen. Borroka asko egin eta gero, eta erresistentzia batzuk gaindituta, 1995. urte inguruan egin genuen lehenengo promozioa, eta gero, beste hiru etorri ziren». Horrek urte gutxian ondorioa ekarri zuen eskolako ume kopuruan. «1993an inauguratu genuen eskola berria eta handik gutxira txikia geratu zitzaigun; urte batzuetara handitu egin behar izan genuen eraikina». Urteren batean 14 ume jaio izan dira Adunan, eta eskolan 70 ikasle izatera iritsi dira. 

Duela 27 urteko festa

Loraldi hori baino lehentxeago, 1997an antolatu zuen Adunak Eskola Txikien Festa eta gurasoak beraiek izan ziren, Zabalak gogoratu duenez, eguna antolatzeko eskaera luzatu ziotenak koordinakundeari: «Urte hartan ikasle mordoxka zihoan eskolatik ateratzera, eta aurreikusten genuen hurrengo urteetan ume gutxiago ibiliko zela eskolan, eta ondorioz, guraso gutxiago izango genituela boluntario festa antolatzeko. Urte hartan indar pixka bat bagenuela eta, nahiago izan genuen guk eskatuta festa antolatu». 

Orduko alkateak gogoan duenez, ilusio bereziarekin hartu zuten duela 27 urteko festaren antolakuntza. «Ordura arteko festetan umeen dantzak, bazkaria eta ezer gutxi gehiago izaten zen. Guk salto bat eman nahi izan genuen, eta besteak beste, lehenengo aldiz, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua gonbidatu genuen. Inaxio Oliveri etorri zen Adunara. Guk ikusten genuen gurea eskola publikoa zela eta arduradun politikoak beste eskoletako festetara joaten ziren bezala, gurera ere etorri behar zutela», dio Zabalak. Barre txikiarekin kontatzen du, Oliveri harritu egin zitzaiela, antolakuntzakoek dirurik eskatu ez zietelako. 

Igande honetan Eskola Txikien Festan izango dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Begoña Pedrosa sailburuordea. Gipuzkoako ahaldun nagusi Eider Mendoza, Xabier Arruti Oreka Berdeko foru diputatua eta Garbiñe Mendizabal Hizkuntza Berdintasunerako zuzendari nagusiak ere baieztatu dute parte hartzea. «Herri txikietatik kanpora bizi direnetako askok ez dakite sare publikoaren barruan gaudela eskola txikiak, eta gainera, antolatuta eta koordinatuta gaudela. Okasio hau ere baliatu nahi genuke geure izaera ezagutzera emateko», aipatu dute guraso elkarteko ordezkariek.

Jabier Zabala, Adunako alkate ohia: «1997an mugimendu handia sortu zen, lan handia egin genuen eta herri guztia inplikatu zen»

 

Ikuskizun dago nola aterako den igandeko jaia, baina 1997koak dimentsio handia hartu zuen. Inguruko enpresetan laguntza eskatu, kamisetak saldu eta Euskaraokekoak gonbidatu zituzten jai egunera. «Mugimendu handia sortu zen, lan handia egin genuen eta herri guztia inplikatu zen», aipatu du antolakuntzan ibili zen Zabalak. Orduko alkateak aipatu du egun hartako irabaziekin eskolarako ordenagailuak erosi zituztela. 

1997ko festak ekarri zuen beste nobedadeetako bat kantua izan zen. Ordura arteko edizioek ez zuten izan kantu propiorik. Urte hartakoa Jexuxmai Lopetegi zarauztarrak egin zuen, garai hartan Adunan musika irakasle zebilen Iñaki Zalakainek (Amasa-Villabona, 1964) eskatuta. «Niretzat maisu handia da Jexuxmai eta hainbat plaza taldetan elkarrekin ibiliak ginenez, berari eskatu nion kantua egitea», gogoratu du. Kanturako esku soinua jo zuen eta ekoizpenaz arduratu zen billabonatarra. Kantuan jarri zituen Adunako ikasleak eta baita alaba ere. «Noizbehinka estudioetan egin genituen grabazioak eta hara joan nintzen ume guztiak hartuta. Gero kaseteetan grabatu genuen kantua eta nik neuk diseinatu nuen kasetearen azala. Eromena izan zen guztia antolatzea». 

Kantu proposamenak ongi funtzionatu zuen, ordea, eta adunar askok oraindik ere buruz gogoratzen dituzte kantuaren hitzak. Hurrengo urteetan Alkizatik eta Zizurkildik ere eskatu zieten Lopetegiri eta Zalakaini kantuak sortzeko.

Txiki hazi izana

Zalakainekin Zarautzera ahotsa grabatzera joandako ume horietako bat da Beñat Igerabide (Aduna, 1988), eta 27 urte beranduago berak izan du igandeko festarako kantua egiteko ohorea. «Joan den azaroan jaso nuen gonbidapena. Nire ikaskide izandako batzuk, gaur egun, eskolako guraso dira eta niretzat gauza polita da kantu hau haientzat egitea. Leire Berasaluze eta bioi eskatu ziguten kantua egitea, baina Leirek esan zidan nahiago zuela ahotsa jartzen lagundu, melodia sortzen edo hitzak jartzen aritu baino». 

 

Beñat Igerabide, musikaria: «Bertan zauden bitartean ez diozu hainbesteko balioa ematen eskola txiki batean ikasteari»

 

Ardura hori hartu du, beraz, Igerabidek eta saiatu da hitzetan sinbolismoa erabiltzen: «Nik Adunan ikasi nuen txikitan, eta gero herri handiagoetara jo nuen ikastera. Uste dut, bertan zauden bitartean ez diozula hainbesteko balioa ematen eskola txiki batean ikasteari. Behin handik ateratzen zarenean konturatzen zara». 

Leire Berasaluze, musikaria: «Oso zaila da eskola handiagoetan irakasleekin guk izan genuen moduko harremana egitea»

 

Ados dago Leire Berasaluze (Aduna, 1992) ere. «Behin heldu bihurtu naizenean apreziatu dut gehien Adunako eskola. Oso zaila da eskola handiagoetan irakasleekin guk izan genuen moduko harremana egitea. Askotan pentsatzen dut zenbaterainoko ahalegina egin beharko zuten irakasleek adin ezberdineko umeak ikasgela berean gobernatzea». Pozik dago kantari adunarra kantuan abesteak, modu batera, Adunako eskola txikien festan parte hartzeko modua eman diolako. Igerabide eta biak elkarrekin ariko dira igandean eta modu akustikoan eskainiko dute jendaurrean Txiki hazi izana abestia.

Kantuaren grabazioa Oiartzungo Lezoti estudioan egin zuen, eta bi adunarrekin batera Gorka Urrak (gitarra eta perkusioekin), Javi Echarrik (baxuarekin), Ibai Rosek (bateriarekin), Urbil Artolak (Lap Steelarekin) eta Pello Gorrotxategik (teklatuarekin) hartu zuten parte. Lehen aldia izan du Igerabidek enkarguz gisa honetako lan bat egin duena, eta «eroso» sentitu dela esan du. «Kantu bat idazterakoan gehien kostatzen zaidana da erabakitzea zer gairi buruz kantatu. Oraingo honetan gai zehatza eman didate eta errazagoa egin zait, gainera oso hurbileko gai bat da niretzat». 

Erronkari heltzeko prest

Adunako herrigune osoa hartuko dute igandean festarako. Plazan egingo dute goizean harrera ekitaldia, eta gune ezberdinak atonduko dituzte ospakizunetarako. Bazkaria, futbol zelaian jarriko duten karpan egingo dute. «Aurrez prestatutako menu bat jateko aukera izango da, eta 330 lagunek eman dute izena dagoeneko. Mahai batzuk ere jarriko dira, etxetik bazkaria eramaten duenak bertan bazkaldu ahal izateko. Gainera, tabernan ogitartekoak salduko dira», esan du Maider Olanok. 

Maider Olano eskolako gurasoa: «Karpan menua jateko aukera izango da, eta 330 lagunek eman dute izena dagoeneko»

 

Antolatzaileek ez dakite kalkulatzen zenbat jende bilduko den igandean. «Eguraldiaren araberakoa izango da, ziur aski. Hala ere, uste dugu jende dezente biltzeko aukera dagoela. Aduna ongi komunikatuta dago, Gipuzkoa erdialdean dago, eta ez da zaila edozein lekutik bertara iristea», gaineratu du Ariane Lertxundik. 

Ariane Lertxundi, eskolako gurasoa: «Uste dugu jende dezente biltzeko aukera dagoela; Aduna ondo komunikatuta dago»

 

Udalak bere esku dagoen guztia egin du lanak errazteko. Alkateak nabarmendu du, berekin batera, udaleko bi zinegotzik, Ainhoa Arrutik eta Igone Zaloñak gertutik egin dutela lan batzordeetan. Rodriguez berak estu kolaboratu du antolatzaileekin iganderako azpiegiturak prestatzeko. «Gure arduretako bat trafikoarena zen. Herri txikia izanik ez dugu herrigunean aparkaleku handirik. Berehala pentsatu genuen egokiena industriagunea erabiltzea zela. Han kotxeak utzi eta autobusak antolatu ditugu herrigunera, gora eta behera ibiltzeko». 

Igandean, lanerako 120 lagun inguru beharko direla uste dute antolatzaileek. «Guraso, ikasle, ikasle ohi, irakasle eta herritarrak, denak izango dira ongi etorriak», nabarmendu du Artolak. Erronka izango dela uste du Rodriguezek baina zalantza gutxi egiten du gaindituko dutela: «Eskulanak ez digu beldurrik ematen, aurretik ere borondatez lanean aritzera ohituta gaude». Elkar zaintzearen garrantzia azpimarratu du alkateak: «Saiatuko gara lan orduak ez daitezen oso pisuak izan, eta lanean jardun behar duenak izan dezan tartetxo bat jaiaz gozatzeko. Gustura eta umorez lanean ari denak gauza bera transmititzen du». Gisa honetako jaiek herriaren kohesioa bultzatzen dutela uste du alkateak: «Harreman iraunkorrak lortzen ditugu eta giro berezi bat sortzen da herrian horrelako festen harira.  Esango nuke hori dela festa hauek uzten duten gauzarik aberatsenetako bat». 

Udalak bultzatuta, eta Txatxilipurdi elkarteak dinamizatuta, azkeneko ikasturtean herriko eragileek saio ezberdinak egin dituzte herriko parte hartzearen inguruan. Azkeneko saioa irailerako utzi dute, behin Eskola Txikien Festa bukatuta. «Orain jaiaren harira lortu dugun hori etorkizunean proiektatzea izango litzateke helburua. Sortu dugun harreman sare hori izan dadila iraunkorra. Batek daki, agian herrian beste erronkaren bat jarri beharko diogu geure buruari», aipatu du Rodriguezek. 

Bien bitartean, eskola txikien garrantzia aldarrikatzeko eguna izango da igandekoa. Zabalak laburbildu du asmoa: «Indarra erakusteko aldarrikapen tankerako festa bat izango da. Eskola txikiak erreibindikatuko behar ditugu eta eskatu mantendu daitezen; baina hori bai horretarako herriok ere geure aldetik jarri beharko dugu. Eskola egon dadin baldintza minimoak ziurtatzea guztion lana da. Eskola herrian zaindu eta mimatu beharrekoa da». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!