Beñat Igerabidek egin du Eskola Txikien Festarako kantua

Ataria 2024ko api. 18a, 09:47

Adunan ospatuko den festarako Txiki hazi izana kantua sortu du herriko musikariak.

2024ko ekainaren 16an Adunan ospatuko da Eskola Txikien Festa, eta Txiki hazi izana kantua sortu du okasiorako Beñat Igerabide herritarrak. Bereak dira abestiaren hitzak eta musika, eta beste adunar bat, Leire Berasaluze izan du alboan kantuari ahotsa jartzerakoan.

Oiartzungo Lezoti, Adunako Sonola eta Ereñozuko Aieka estudioetan egin du grabazioa Igerabidek Gorka Urraren laguntzarekin. Gitarra akustikoetan eta elektrikoetan ere parte hartu du Urrak eta perkusioan eta masterizazioan lagundu du. Dena den, musikari talde zabalak hartu du parte kantua sortzen: bateriarekin Ibai Ros aritu da, baxuarekin Javi Etxarri, lap steel-arekin Urbil Artola eta teklatuarekin Pello Gorrotxategi.

Aner Hernandezen esku joan da diseinua, eta hari, musikari guztiei, eta Adunako herriari eskerrak eman dizkie Igerabidek emandako laguntzagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!