Eskola Txikien Festaren logoa aurkeztuko dute igandean Adunan

Ataria 2023ko azaroaren 13a

Kultur asteko egitarauaren barruan egingo dute aurkezpen ekitaldia 11:30ean hasita. Festa irudikatuko duen logoa aurkezpena, pintxo jana eta Loatzo musika eskolako bandaren kontzertua izango dira Adunan.

Datorren urteko Eskola Txikien Festa antolatzeko lanetan murgilduta dabil Aduna, joan den ekainean Lizartzan lekukoa hartu zutenetik. Lehen urratsa festa irudikatu duen logoa aukeratzea izan da eta igandean, azaroaren 19an, aurkeztuko dute kultur astearen barruan antolatutako ekitaldian. Eguraldi ona bada plazan eta euria egiten badu frontoian egingo dute ekitaldia 11:30ean hasita.

Aurtengo ekainean lehiaketa antolatu zuten festa irudikatuko duen logoa aukeratzeko. Irudia erakutsiko dute igandean eta bere esan nahia azalduko dute, eta horrekin batera, aukeraketaren nondik norakoak jakitera emango dituzte.

Adunako Eskola Txikien Festaren harira prestatutako materiala ere sagai jarriko dute, eta aurkezpenaren ondoren, pintxo-jana izango da gerturatzen den jendearentzat. Loatzo musika eskolako bandaren kontzertua ere izango da tartean.

Gipuzkoako Eskola Txikien koordinakundeko eta Gipuzkoa osoan zehar zabalduta dauden 27 eskola txikien sareko 2024ko festaren antolatzailearen logo aurkezpen ekitaldia izango da, beraz, igandean 11:30ean Adunako plazan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!