ELKARRIZKETA

«Ipuinak badu naturarekin zerikusia duen irakurketa ere»

Jon Miranda Labaien 2022ko mai. 24a, 16:00

Harri azpian basamortuaren erdian dauden bi haziren istorioa ondu du Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) Basamortua album ilustratuan.

Harri azpian basamortuaren erdian dauden bi haziren istorioa ondu du Juan Kruz Igerabidek (Aduna, 1956) Basamortua album ilustratuan.

Nola jaso duzu gonbidapena proiektu honetan parte hartzeko?

Gonbidapena Joseba Urretabizkaiak egin zidan, Xibariteko arduradunak. Elena Arresek marrazkiak egin eta nik testua idaztea proposatu zidan. Duela pare bat urte izango zen gutxi gora behera. Ipuin bat entregatu nion, gustatu zitzaion eta lanari ekin genion Elenak eta biok. Pandemia tarteko, denbora bat pasa da, baina iritsi da jendaurrean aurkezteko eguna.

Zer da ipuin honetan kontatzen duzuna?

Haurrentzako ipuin bat da baina helduentzako ere izan dezake irakurketa bat. Bi hazi dira protagonista, harri batean azpian daude, haizeak ekarrita, eta milaka urte pasatzen dituzte basamortuan. Halako batean hegazti batek hazi horietako bat hartu eta eraman egiten du. Naturaren zikloa ikusten da ipuinean, hazitik landarera, landaretik hazira. Denbora oso luzean ematen da prozesua, eta badu umoretik ere. Gertatu izan da milaka urtetan geldi egon eta fenomeno batengatik berpiztu diren haziak. Testuak badu azpian irakurketa ekologikoa edo behintzat naturarekin zerikusia duena.

Zenbateko luzera du?

Oso laburra da. Irakurterraza da. Esaldi bakoitza hazi bat da eta apurka-apurka garatzen da, haziak hazten diren bezala.

Zein adinetako umeentzat dago pentsatuta ipuina?

Oso ume txikientzako ere baliagarria izan daitekeela uste dut. Berez, oso irakurketa sinplea du, eta ume batek gozatu dezake haziaren irakurketa horrekin, inolako arazorik gabe. Lau edo bost urtetik aurrera edonork irakurri dezake.

Elena Arresek egin ditu ilustrazioak. Zer moduzkoa izan da bion arteko elkarlana?

Oso ona. Zoragarriak dira Elenaren margoak. Ia-ia koadroen antzeko ilustrazioak dira eta ipuina beste modu horretara ere gozatu dezake irakurleak. Elena eta biak oso ongi moldatu gara elkarrekin. Niri gustatzen zait testu bat entregatzen dudanean biderik ere ez adieraztea ilustratzaileari. Iruditzen zait margolariari berari ateratzen zaiona izaten dela interesgarriena. Kasu honetan, Elenak interpretazioari buruz pare bat detaile galdetu zizkidan, baina hortik aurrera askatasun osoarekin egin du lan. Gero pandemia garaian aurrez aurre egoteko aukera handiegirik ez dugu izan, baina orain sortu zaigu elkartzeko okasioa aurkezpenaren harira.

Xibarit argitaletxeak kaleratu du liburua.

Oso album goxoa da. Argitaletxe horrek gutxi argitaratzen du baina ateratzen dituen liburuak oso politak dira. Eskerrak ematea besterik ez zait geratzen, horrelako gauza ederra ateratzeagatik.

Zein beste proiektutan zabiltza orain?

Beti dabilkit errota martxan. Orain Alberdaniarekin gauza bat lantzen ari naiz eta baita Denon Artean argitaletxearekin ere. Herensugeari buruzko ipuintxo bat sortzen ari naiz eta marrazkiak Elena Odriozolak egingo ditu. Naturari buruzko testu batzuk ere ari naiz prestatzen. Poliki-poliki baina beti martxan. Duela gutxi Desertuan behatxuloa liburua atera du Anjel Lertxundik eta hiru bat hilabetez jardun naiz berarekin testuak irakurri eta iradokizunak egiten. Gehiegi ez zaio lagundu behar Anduri, baina lau begik bik baino gehiago ikusten dute beti.

ELENA ARRESEREN MARGOLANAK AMASAKO HIKAN

Elena Arreseren margolanekin osatu dute Basamortua izeneko album ilustratua , eta besteak beste, liburu horretako margolanak oinarri hartuta, erakusketa zabalduko du gaur Arresek, Hika txakolindegian bertan.

Arratsaldean, 19:00etan egingo dute liburuaren aurkezpen ekitaldia Amasako txakolindegian, eta bide batez, ekitaldiak erakusketa inauguratzeko balioko du. Margolanen erakusketa ikusgai izango da, uztailaren 31ra bitartean.

Erlazionatuak

#0313 Letren Errepublika

Jon Miranda Labaien 2022 mai 24 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!