AHTaren Adunako lanekin hasi dira berriz ere

Rebeka Calvo Gonzalez 2015eko uztailaren 13a

Adunako alkateari, Josu Amilibiari, AHTko lanen arduradunek jakinarazi diotenez, ostegunean herrian zabaldutako ur bidearen emaria kontrolatu dute jada, eta beraz, lanekin jarraituko dute gaurtik aurrera.

Adunako Udalean prentsaren bidez enteratu ziren AHTaren lanak direla eta ur bide bat ireki eta ondorioz, lanak bertan behera utzi behar izan zituztela pasa den astean. Ostiralean izan zuen prentsak horren berri, baina antza, ostegun goizean izan zen istripua. Amilibiari lanetako zuzendariak hori esan dio behintzat.

Ostegun goizean ireki zuten ur bidea istripuz, eta ondorioz, bertan behera utzi behar izan zituzten lanak. "Materiala ateratzen ari ziren tokian izan zen istripua, eta ur asko atera zen, 500 metro kubiko orduko kopurura ere iritsi zela esan didate", esan du alkateak. 24 orduz egon zen ura ateratzen.

Istripua gertatuta AHTaren lanen arduradunek ur emaria kontrolatzeaz gain, errekak eta abar begiratzen aritu direla esan diote, istripuak uraren kalitatean eraginik izan ote zuen jakiteko, baina ondo daudela esan diote Amilibiari, eta ondorioz, lanekin jarraituko dutela gaurtik aurrera.

Udalean eta herrian ordea, kezkatuta daude. Honek mendiko iturrietan zein ondorio izan dituen jakin nahi dute; "ondorioak ikusi behar dira, ur emaria kontrolatu eta ura tratatu dutela diote, baina ez dakigu mendiko iturrietan zein eragin izan duen", esan du.

Erlazionatuak

AHTaren lanak geldituta daude Adunan

Jon Miranda Labaien 2015 uzt 10 Aduna

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!