AHTaren lanak geldituta daude Adunan

Jon Miranda Labaien 2015ko uzt. 10a, 11:06

AHTaren Zizurkil-Andoain tartean Adunako tunela eraikitzeko lanetan ari direla ur bide bat zabaldu da istripuz eta azpiegitura eraikitzeko lanak eten egin behar izan dituzte behin behinean.

Euskal Trenbide Sare Berriaren Gipuzkoako adarreko Zizurkil-Andoain zatian dagoen Adunako tunela hondeatzeko lanak direla eta, ur bide bat ireki da, eta horren ondorioz atzo tunela ebakuatu behar izan zuten eta lanak aldi baterako gerarazi. ETSk jakinarazi duenez, "obretan lanean ari diren langileen segurtasuna bermatu ahal izateko" hartu da erabakia.

"Mikropilotedun aterkia burutzeko lanetan urik hauteman ez bada ere, euspenerako zintrak jartzean aurrealdetik ura irteten hasi zen atzo ezustean, pinoitik gertu dagoen gunetik".  Gertakariak tunelaren Zizurkil aldeko ahotik 1.800 metrora gertatu dira. ETSko iturriek nabarmendu dutenez, "gertatutakoa Uraren Euskal Agentziari (URA) jakinarazi zaio dagoeneko".

Ur bolumenak 400 m3/h-ak gainditu ditu uneren batean. Oraindik ezin dira neurri zuzentzaileak ezarri, ur-emaria, segurtasunez lan egiteko mailara jaitsi arte. Gaurko informazioa eman du ETSk, "ur emaria nabarmen murriztu da eta espero dugu asteburua pasata berriz ere tunelera sartu ahal izatea, zer gertatu den aztertu eta arazoa konponbidean jartzeko".

4.970 metroko luzera duen Zizurkil-Andoain tunelaren ia zati osoa tunel barruan doa. Zati horretako elementu garrantzitsuenak, 200 metro luze den Antzibarko bide-zubia eta 4.718 metro luze den aipaturiko Adunako tunela dira. Tunel hori, Gipuzkoako adarreko bigarren luzeena, "Zumarragako bi hodiko tunelaren ondoren, benetako erronka da, geologiaren eta hidro-geologiaren ikuspegietatik duen konplexutasuna dela eta, hainbat arazo tekniko erakusten dituzten formazioak zeharkatzen baititu", esan du Euskal Trenbide Sareak.

Adunako Udalak salatu duenez gertakari hauen inguruko informaziorik ez dute jaso orain arte: "prentsaren bidez jakin dugu obrak geratuta daudela", aipatu du Josu Amilibia alkateak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!