Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritzak Gipuzkoako barnealdeko ostatuen sare turistiko bat sortzea adostu dute, Tolosaldea eta Goierriko ordezkariekin Orendainen egindako bileran. Ekimenaren helburua da barnealdeko eskaintza turistiko eta gastronomikoa indartzea, eta aldi berean ostatuen jarduera eta iraunkortasuna sustatzea.
Gipuzkoako Ostalaritzako Ane Ruiz zuzendari exekutiboak adierazi du sareak «ikusgarritasun handiagoa» emango diela «askotan bigarren planoan» geratzen diren establezimenduei, eta «benetako bezero potentzialengana» iristeko aukera eskainiko diela. Zentzu berean azaldu du sarera sartzen diren ostatu parte-hartzaileek laguntza jasoko dutela komunikazioaren, tresna digitalen erabileraren eta bisitarientzako informazioaren arloetan.
Bilkuran parte hartu dute eskualdeko hainbat ostatutako arduradunek, tartean, Abaltzisketako ostatuko Sara Garcia arduradunak, eta hitzordua begi onez ikusten badu ere, nabarmendu du jasotzen duten laguntza ez dela nahikoa: «Bilera bera ondo joan zen. Entzuteko eta proposamenak jasotzeko prest etorri ziren, eta gustatu zitzaidan ahalegina egin izana ere. Hala ere, ostatuok jasotzen dugun laguntza ez da nahikoa; inondik inora ere».
Herritarren elkargune
Garciarentzat ostatua ez da «taberna bat bakarrik», herritarrentzako elkargune baizik: «Tabernaz harago, askok denda txikiak ere izaten dituzte oinarrizko produktuekin. Eta, batez ere, jendea elkartzeko leku bat dira». Zentzu horretan, herriarentzat zerbitzu bat ematen dutela ere nabarmendu du: «Asteburuetan bakarrik zabaldu nezake, negozio alderdiari soilik begiratuko banio; baina orduan herria elkargunerik gabe utziko nuke. Ez dago etekin ekonomikorik, baina zerbitzua ematen duzu, eta adin askotako jendea elkartzeko aukera ematen du».
Hari berari tiraka, ostatuek jasotzen dituzten laguntzak nahikoa ez direla seinalatu du: «Herriari ematen diogun zerbitzu hori ostalariak hartzen du beregain; eta, izatez, herriari edo gizarteari ematen diogun zerbitzu sozial bat da ia. Ongizate soziala mantentzeko zerbitzua da, eta, zentzu horretan, laguntza gehiago jaso beharko genuke».
Egunerokoa, garaikoa baino gehiago
Ostatuen bideragarritasunari dagokionez, bizirik mantentzeko «garrantzitsuena eguneroko jarduna» dela nabarmendu du: «Nire beharra gehiago dago lotuta bertako jendearekin, zehazki, bertakoak astean zehar etortzearekin. Ostatua jasangarria izan dadin, oreka behar dugu aste osoan zehar; bestela, asteburuan irabazten duzuna astean zehar mantentzen joaten zaizu».
Zentzu horretan, udan turismoaren eragina gehiago nabaritzen dutela ere azaldu du, baina orokorrean bertako turismoa izaten dela: «Asko aldatzen da ostatuaren arabera: nonbaitera bidean baldin badago edo erakargarria den beste zerbait izanez gero gertu. Gure kasuan gehiena mendizaleak izaten dira, eta udan kanpotik ere etortzen da jendea, baina orokorrean ez dira asko izaten».
Dena dela, prozesua martxan jarri izana positiboa dela ere nabarmendu du, eta «pozik» jasoko dutela eskaintzen dieten laguntza guztia: «Hasiera ona izan da eta, aurrera begira, ikusiko dugu zer ateratzen den».