Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Ostalaritza elkarteak urrats bateratua eman dute Gipuzkoa barnealdea indartzeko: ostatu sare turistiko bat sortuko dute. Horrela erabaki dute Orendainen izan berri duten bileran Tolosaldea eta Goierriko ordezkariek. Sareak barnealdearen erakargarritasun gastronomiko ea turistikoa indartzeko balioko du, eta, bestetik, ostatuen bizitza luzatzeko.
Azahara Dominguez diputatuak ostatuen «berezitasuna» azpimarratzeko baliatu du hitzordua: «Udalerri txiki askoren gizarte-epizentroa dira eskaintza gastronomikoa sukaldaritza tradizionalean eta zero kilometroko produktuan oinarritzen duten ostalaritza-establezimenduak, Gipuzkoatik kanpo aurkitu ezin daitezkeenak, eta, beraz, gure lurraldea aberasten dutenak helmuga turistiko bakar, berezi eta nortasun propiodun gisa. Helmuga gastronomiko nagusia gara, eta barrualdeko udalerri txikietan, ostatatuetan, benetako tokiko sukaldaritza babesten eta duintzen da, gure sukaldaritza-nortasunaren ezinbesteko zaindariak dira, eta espazio horien iraunkortasunean lagundu nahi dugu».
Era berean, Orendainen izan dute bilerari garrantzia eman nahi izan dio turismo diputatuak: «Lehen topaketa honek ikuspegiak partekatzeko, helburuak lerrokatzeko eta Gipuzkoako ostatuen lehen sare turistikoa eraikitzen hasteko balio izan du, helburuak lerrokatzeko eta estrategiak bateratzeko». Lurraldetasun helburu estrategikoa ere badu proiektuak: «Helburua ez da turistei establezimendu horiek ezagutaraztea bakarrik, baizik eta gipuzkoarrok lurraldean zehar mugitzea eta haietaz gozatzea».
Ane Ruiz Gipuzkoako Ostalaritzako zuzendari exekutiboak bere aldetik, ostatuen maila gastronomikoa mahai gainean jarri nahi izan du: «Proiektu honek, ikusgarritasun handiagoa eskainiko du eskaintza turistikoan, hau da, lehen lerroan jarriko ditu gaur egun kasu askotan bigarren mailan dauden establezimenduak». Eta, horretaz gainera, ostatuen eskaintza benetako bezero potentzialei zuzenduko zaie, «establezimendu horiekin benetan bat datorren bezeroa» erakartzeko balioko du sare turistikoak.
Laguntza eskura
Proiektuaren helburua Gipuzkoako barnealdeko sustapen turistikoa eta dinamizazio ekonomikoa indartzen jarraitzea izanik, Ostalaritza elkarteak laguntza emango die sarera sartzen diren ostatuei komunikazioaren, tresna digitalen eta bisitarientzako informazioaren arloan.
Izan ere, Gipuzkoako ostatuak oso lerrokatuta daude egungo turismo eskariarekin Ana Ruizen esanetan, «benekotasuna, gastronomia tradizionala, lurraldearekiko lotura eta landa-ingurunea» baitira haien ezaugarriak.
Dominguezen esanetan bestalde, herri txikientzat laguntza izango da sarea, jarduera ekonomikoa bultzatzen lagunduko duelako. Testuinguru horretan, urteko lehen hiruhilekoan Gipuzkoako turismoa, Donostia kontuan hartu gabe 2025eko aldi berarekin alderatuta, % 0,7 hazi dela esan du diputatuak —92.262 turista urtarrilean, otsailean eta martxoan—. Gainera, nazioarteko turismoak hazkunde argia izan du, 1.209 turistarekin (% 4,5eko hazkundea).
'Zatoz eta zaindu' estrategia
Ostatuen sare turistikoa 'Zatoz eta zaindu' turismo estrategiaren barruan sartu du Aldundiak. Estrategiak iraunkortasunean, errespetuan eta zaintzan oinarritutako eredu turistikoa bilatzen du. Honela, turismo eredu partekatu, sendo eta iraunkorra eraikitzen lagunduko dute Tolosaldeko ostatuek Gipuzkoa mailan.
