Herria alaitu dute txantxoek

Ataria 2026ko otsailaren 15a

Goizean goizetik, baserriz baserri eta etxez etxe ari dira makil-dantza egiten. 

Egun berezia dute gaur Abaltzisketan. Aspaldiko ohiturari jarraituz, txantxoak baserriz baserri eta etxez etxe ari dira puska biltzen. Goizean goiz hasi dira lantegi horretan. Lehendabizi, Orendain aldeko baserrietan izan dira, eta ondoren herrigunera joan dira. Han eliza atarian egin diete dantza mezatik atera direnei, eta gero etxe atarietan izan dira. Ostatuan mokadutxoa hartzeko geldialditxoa egin, eta baserrietara bidean jarri dira. Arratsaldean, berriz, Larraitz auzora joango dira.

Ohiko koadrilla ari da etxe eta baserri atariak makil-dantzarekin alaitzen. Txantxoak batetik, euren jantzi bereizgarriekin: alkandora eta galtza zuriak zintekin apainduta, gerriko gorria, koloretako bi mantoi sorbaldetan eta txapela gorria. Soinu-jolea, euren presentziaren berri emateko adarra jotzen duena, zestoa eta saskia daramatenak eta dantza egin aurretik erratza pasatzen duena. Herritarrek, berriz, ederki eskertzen dute bisita berezia, eta merezitako eskupekoa ematen diete. 

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!