Aralarren hildako behiaren afera ikertzeko eskatu dute Landarlan eta Eguzkik

Tolosaldeko Ataria 2021ko eka. 7a, 09:47

Talde ekologistek onartezintzat jo dute Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateari behi bat tiroz hil izana. "Guk inondik ere ez ditugu lotzen alkatearen pisten aldeko jarrera eta jokaerarekin. Aralarren aldeko mugimendu ekologista eta kontserbazionista osoak ez du inoiz ekintza biolentorik bultzatu", esan dute.

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateari behi bat tiroz hil izanak soka luzea ekarri du. Atzo Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk deituta, gertakaria salatu eta alkateari babesa adierazi zioten Larraitzen bertan, eta Landarlan eta Eguzki talde ekologistek gertakaria salatu dute ere.

Bi taldeen iritziz "harrigarria eta kezkagarria" da gertaera, baina esan dute "zenbait gertakizun ulertzea zaila" egiten zaiela, "nabarmenena behia maiatzaren 8an  hilda azaldu eta maiatzaren 28rarte jabea ez konturatzea behiak buruan tiroa zuenik". Gertatutakoa ikertzeko eskatzen dute eta "nahitaezko" heriotza izan bada honelako gertaerak "onartezinak" direla esan dute. Hala ere esan dute Landarlan eta Eguzkik gertakaria "inondik ere" ez dutela lotzen alkatearen pisten aldeko jarrera eta jokaerarekin. Aralarren aldeko mugimendu ekologista eta kontserbazionista osoak ez du inoiz ekintza biolentorik bultzatu".

Euren ustez, beraien ibilbideak garbi uzten du taldeen kideen jokamoldea ez dela mendian eskopeta hartuta ibiltzea, "alderantziz baizik, mendira bake bila joaten gara eta naturaz eta konpainia onaz gozatzera". Euren jarduera epaitegian, komunikabideetan, hitzaldi nahiz mahai ingurutan edo mobilizazio bidez bideratzen dutela esan dute, "beti legezko bideak erabiliz eta hala jarraituko dugu".

"Aralarren ez da lehenengo aldia gertaera salagarriak jazotzen direna: makina, txabola eta azpiegituren suteak eta txikizioak, sastrakadien suteak, landatutako zuhaitzak sustraietatik ateratzea, abeltzainen arteko liskarrak, orain dela lau urte artzain baten aldetik ekologistoi mehatxuak egitea eta abar.  Gertaera hauen ikerketen ondorioak ia inoiz ez dira publiko egin izan. Horregatik oraingo ikerketa publiko egitea eskatzen dugu eta nahitaezko heriotza izan bada, egileak aurkitu eta legearen arabera zigortzea", gaineratu dute.

Bestalde, esan dute elkarbizitza dela bidea eta beraz, elkarbizitzaren aldeko deia egin dute, "indarkeriarik gabe eta sektore guztien arteko elkarlana da bidea, zientzia nahiz ikuspegi teknikoen gidaritzapean erakundeak buru direla, edozein asmo ezkutu behingoz alde batera utzita".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!