Jon Zubizarretari elkartasuna adierazi diote

Leyre Carrasco 2021eko ekainaren 6a

Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk deituta, Aralarko gertakaria salatu eta Abaltzisketako alkateari babesa adierazi diote gaur egindako elkarteratzean.

Aralarko Baserritar Elkarteak, Enbak eta EHNEk deituta, Jon Zubizarreta abeltzain eta Abaltzisketako alkateari elkartasuna adierazteko eta Aralarko larreetan behi bat tiroz hil diotela salatzeko jendetza bildu da gaur goizean Larraitzen egin duten elkarteratzean.

Gertakari honen aurrean, Aralarko Baserritar Elkarteak, ENBA-EHNE sindikatuok eta Abaltzisketako zinegotziek "irmo" gaitzetsi dute Aralarren zegoen behia tiroz hil izana eta euren elkartasuna adierazi diote Zubizarretari. Bestalde, "ozen" eta "publikoki" adierazi dute behia tiroz hiltzea Aralarko mendiko abeltzainen aurkako erasotzat hartzen dutela. Era berean, argi dute Zubizarretaren aberea hautatzean, Aralarko mendian diharduten baserritarren bizimodua eta lan baldintza duinak izateko diharduen jendeak "zigortu" nahi izan dela, "hori baita, baserritarron bizimodu eta lan baldintza duinak, Jonek irudikatzen duena".

Ekintza gaitzesteaz gain, dei berezia egin diote Enirio-Aralar Mankomunitateari bere jabetzako mendian izandako ekintza "penagarria" gaitzetsi dezan, are gehiago, ikusirik, Jon, Abaltzisketako alkate den heinean, Mankomunitateko juntako partaide ere dela. Gainera, Mankomunitateko lursailetan gertatu denez, aberearen galeragatik abeltzaina konpentsatzioa bere gain har dezala ere eskatu dute.

Zubizarretak elkarteratzera gertaratu diren guztiontzat esker hitzak izan ditu: "Eskerrik asko benetan estimatzeagatik; batik bat, kanpotik eta urrutitik etorri zareten guztioi, baita mendiko jendea eta herritarrei ere. Estimatuta nago. Indar handia dagoela ikusita, ea denon artean egoera hau kanalizatzen asmatzen dugun etorkizun bat izan dezagun; bai Aralarren, bai sektorean, baita Gipuzkoan ere. Eskerrik asko denoi".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!