Behi bat tiroz hil diotela salatu du Jon Zubizarretak

Ataria 2021eko ekainaren 3a

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkateak Aralarko larreetan behi bat tiroz hil diotela salatu du. Maiatzaren 4an igo zuen ganadua abaltzisketarrak, eta 8an izan zen gertaera.

Jon Zubizarreta Abaltzisketako alkate eta ganaduzaleak behi bat Aralarko larreetan buruan tiroz jota hil diotela salatu du. Maiatzaren 8an jakin zuen gertaera, eta ganadua lau egun lehenago igo zuela Aralarko larreetara argitu du Zubizarretak. Inork mugimendu arraroren bat ikusi izan balu, berarekin harremanetan jartzea eskertuko lukeela aurreratu du.

Ertzaintzan salaketa jarri ostean, eta egoeraren larritasuna ikusita, bideo bidez zabaldu du gertaera. Horrez gain, azken urteetan eman diren hainbat gertaera zerrendatu ditu. "Min handia hartuta nago, eta hau egin duenak badaki zer egin behar zuen", aitortu du. Baina, ez dakiela zergatik egin dioten eta atzean zer dagoen ere gaineratu du.

"Esku garbiekin" eta "babesa" duen bitartean, Aralarren alde lanean jarraituko duela azpimarratu du bideoan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!