Zizurkilgo Elbarrenako jaiak 2026

«Kultura zabaltzea eta komunitatea osatzea izan da gure egitekoa»

Bihar 20:00etan botako dute Zizurkilgo Elbarrenako jaietako txupinazoa, eta aurten 10 urte bete dituen liburutegia omenduko dute. Ainhoa Sukia eta Arantxa Zabala liburuzainek pozik jaso dute gonbita.

Udako etenaldiaren ondoren buru-belarri hasi dira Plazida Otañoko liburuzainak. Pozik jaso dute aitortza.

Nola jakinarazi zizueten zuek zinetela aurtengo aukeratuak?

Arantxa Zabala: Uztail erdialdera festa batzordeko ordezkariak etorri zitzaizkigun esanez gugan pentsatu zutela txupinazoa botatzeko. Aurten, Plazida Otaño liburutegiak 10 urte bete ditu eta urteotako lanari aitortza egin nahi ziotela esan ziguten.

Nola jaso duzue aitortza?

Ainhoa Sukia: Pozez. Egindako lana kontuan hartzea eta 10 urte horiek ospatzeko horrelako plaza bat ematea beti da pozgarria.

Zabala: Guk sentitzen dugu komunitatearentzat lan egiten dugula eta gero haiek saritzen gaituztela horrelako aitortza batekin. Guk ere egiten diegu errekonozimendua batzordekoei, haien ahaleginik gabe ez bailegoke festarik. Segi dezagula horrela, denak elkarri eskutik helduta, gauzak egiten, elkarrekin.

Zer prestatu duzue txupinazoaren unerako?

Zabala: Urteotan ez gara Ainhoa eta biok bakarrik izan liburuzainak. Irene Urruzola ere aritu da hainbat urtetan, eta beraz txupinazora gonbidatu dugu. Hark irudikatuko du iragana, Ainhoak etorkizuna, eta nik pixka bat laburbilduko dut guztia. Hiruron artean irakurriko dugu pregoia. Laburra izango da. Azpimarratuko dugu gure helburua kultura zabaltzea izan dela, baina baita komunitatea osatzea ere. Isolamendu eta bakardadera kondenatu nahi gaituzten honetan, gero eta gehiago beharko ditugu gisa honetako espazioak. Euskarari ere egingo diogu azpimarra, eta beste hainbat balio ere aipatuko ditugu, hala nola feminismoa edo antiarrazismoa.

Zein bereizgarri du Plazida Otaño liburutegiak?

Sukia: Nik sentitzen dut jendeak asko eskertzen duela hemen egiten dugun lana. Guri ere horrela jakinarazten digute. Sentiarazten gaituzte herriaren parte, eta Plazida Otaño liburutegia Zizurkilen pisua duen toki bat dela uste dut.

Zabala: Liburuzainak ez gara bakarrak ibilbide hau egin dugunak; hemen komunitate bat dago atzetik, eta txupinazoaren orduan hori islatu nahi dugu. Balkoira gonbidatu ditugu irakurle taldeetako kideak eta Txikitxokon ibiltzen direnak; haiek izango dira etorkizuneko irakurle eta idazleak.

Kabituko al zarete denak?

Zabala: Baietz espero dut [barrez]. Haiekin batera ere gure alboan nahi genituzkeelako Teodoro Hernandorenakoak, gure herriko atala hornitzen laguntzen digutelako eta hainbat publikazio atera ditugulako haien borondatezko lanari esker. Aiztondo bailarako ordezkaritza bat ere nahi genuke gurekin. Eta gero, noski, gure ipuin kontalariak eta ilustratzaileak: Idoia, Lurdes, Iraitz, Maria, Izaro... 

Jaietan liburutegia irekita egongo da?

Sukia: Bihar itxita egongo da, eta gainerako egunetan zabalik izango da, goizeko ordutegian.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!