Zizurkilgo jaiak 2026

Ederki pasatu dute haurrek gurasoek prestatutako jolasetan

Josu Artutxa Dorronsoro 2026ko abuztuaren 13a

Haurren Eguna dute gaur Zizurkilgo Andre Mari jaietan, eta eguerdian, buruhandiak eta askotariko jolasak izan dituzte.

Zizurkilgo Herriguneko Andre Mari jaietan, Haurren Eguna ospatzen ari dira. Txikienak ezustean harrapatu eta maskuriarekin jo nahian aritu dira eguerdian buruhandiak, hobe esanda, Melokotoia, Txepetxa, Deabrua eta Sorgina buruhandien azpian ezkutatuta zeuden helduak. Korrika saio ugari egin dituzte haurrek.

Eta buruhandien aurretik egindako lasterkaldia ez da izan haurrek goizean egin duten bakarra. Izan ere, haurren krosa izan da eguneko lehen ekitaldia. Buruhandien saioaren ondoren, haur jolasak egin dituzte. Guraso elkarteko kideek askotariko jolasak prestatu dizkiete, eta ederki pasatu dute txikienek.

Gero, haurrek elkarrekin bazkaldu dute, eta arratsaldean puzgarrietan –uretakoak ere izango dira– jolasteko aukera izango dute. Gazte eta helduentzat, berriz, Mus Txapelketa antolatu dute zentroan; 35. aldiz egingo dute. 19:00etatik aurrera, Joxe Mendizabalek musikarekin girotuko du Herrigunea.

Gauean, berriz, V. Intxaur Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Intxaur frontoian; hiru final izango dira eta lehena 22:00etan hasiko da. 22:30ean zezen suzkoaren txanda izango da, eta gauerdian, Joxe Mendizabal ariko da berriro.

Erlazionatuak

Helduek haurrek adina gozatzen dutenean

Josu Artutxa Dorronsoro abu 13, 15:09 Zizurkil

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!