Etzi jakingo da zein hiru pilotarik jantziko dituzten VI. Intxaur Pilota Txapelketako txapelak. Dagoeneko jakinak dira lau eta erdian jokatzen den txapelketaren aurtengo edizioko finalistak, eta Zizurkilgo Herriguneko festetako bigarren egunean, abuztuaren 13an, jokatuko dituzte finalak Intxaur frontoian.
Guztira, sei finalista izango dira, hiru mailatan jokatzen ari baitira txapelketa. 22:00etan hasiko da lehen partida, emakumezkoena. Goiuri Zabaleta leitzarrak Behar Zana Pilota Elkarteko Miriam Arrillaga usurbildarraren aurka jokatuko du.
Ondoren, promesa mailako finala jokatuko dute Ramirezek (Kurene) eta Ibarrak (Eibar). Ramirezek Lapkeko Armaolea garaitu zuen finalerdietan, nahikoa sufrituta. 9-0 hasi zen galtzen, baina 16-7ko partzialarekin, partida berdintzea lortu zuen. Azken zatian, hobeto aritu zen, eta azkenean 22-17 irabazi zuen. Ibarrak, berriz, 22-18 irabazi zion Nazabali (Larraun). Lehen tantoetan nagusi izan zen Ibarra; 5-0 eta 7-1 aurreratu zen. Hala ere, pilotari nafarrak asko borrokatu zuen, eta ez zion utzi gipuzkoarrari nahi bezala jokatzen. Erritmo altuko partida izan zen, baina Gipuzkoako txapeldunak lortu zuen finalera sailkatzea.
Azkenik, senior mailako finala jokatuko dute Carregalek (Adiskide) eta Irribarriak (Tolosa). Lehenak, 22-12 menderatu zuen finalerdian Julen Alberdi zizurkildarra –argazkiak partida horretakoak dira–. Gogotsu zegoen etxeko pilotaria, herrian final bat jokatu nahi zuelako, baina Carregalek ez zion aukerarik eman. Lehen aldiz ari da txapelketan parte hartzen, eta finalera sailkatzea lortu du. Irribarriak, bere aldetik, 22-17 irabazi zion Ander Etxanizi (Olalde). Ordubetetik gorako partida izan zen, oso gogorra. Zenbait unetan markagailuan atzetik joan bazen ere, Irribarria aramarrak sufritzen jakin zuen, eta tentsio handiko azken zatian egindako partzial bati esker garaipena eskuratu zuen. Bere lehen finala jokatuko du txapelketa honetan.