Itxaso Erasun, Plazandreak torneoko txapeldunorde

Itxaso Erasun astelehenean, txapeldunordearen sariekin. EMAKUME MASTER CUP

Pilotari zizurkildarrak 18-6 galdu zuen Enara Gaminde laukiztarraren aurka, astelehenean Bilbon jokatu zuen lau eta erdiko finala.

Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak ezin izan du Plazandreak Torneoa –lau eta erdikoa– bigarren aldiz jarraian irabazi. Iazko txapeldunak ez zuen ia aukerarik izan astelehenean Bilboko Esperantza pilotalekuan jokatu zuen finalean. Gaur egungo banakako txapeldunak, Enara Gaminde laukiztarrak, 18-6 irabazi zion Erasuni. 0-1 aurreratu zen Erasun, dejada bikain batekin. Handik aurrera, ordea, bestelako bidea hartu zuen partidak, eta bizkaitarra erabat nagusi izan zen.

Banaka nahiz binaka, Gaminde gaur egungo erreferente handiena da emakumezkoen esku pilotan. Atzelaria izanagatik, espezialista handia da kaiolan, Erasun bezala. Astelehenean, hala ere, laukiztarrak azkar hautsi zuen partida bere aldera. Sakearekin min handia egin zuen –lau tanto egin zituen–, pilota gogor astindu zuen eta frontisetik oso urrun ibili zuen iazko txapelduna, beti defentsan lanean. Gogorra, langilea eta tanto gutxi oparitzen dituen horietakoa da Erasun, baina astelehenean kamuts aritu zen. Azkenean, espero eta nahi baino zirrara gutxiago izan zuen finalak.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!