Goizeko lehen ordutik hasi dute Andre Mari festetako lehen eguna zizurkildarrek. 06:30ean hasi dute oilasko biltzea, eta eguerdian oilasko biltzaileek dantzaldia egin dute Herriguneko plazan. Aurrez, haur eta gaztetxoak eskulanak egiten aritu dira. Arratsaldean, berriz, haur eta gaztetxoek pasaka partidak jokatu dituzte zimiterioan, eta Elektrotxufla elektrotxarangak giro bikaina jarri du plazan, jaiei hasiera ofiziala eman aurretik. Ondoren, herri argazkia egin dute plazan, Erasorik ez! lelopean.
20:00etan, txupinazoaren ordua heldu da. Aurten, Txapel Eguneko txapelduna izan den Urkamendi guraso elkarteak izan du jaiei hasiera emateko ardura. Iriarte Etxeko balkoian jaiei hasiera eman dieten bi suziriak piztu aurretik, ordea, kopla batzuk abestu dituzte Egun da Santimamiña doinuan:
Eskola txikiak dira
herriarentzat arnasa
gora Zizurkil, gora Mendigain
eta festak ondo pasa!
Umeen jolas ta kanta
liskar eta zalaparta
hori da herri bat pizten duen
ezinbesteko txinparta
Gabonak ta inauteri
festak ta hamaika komeri
guraso elkarteari biba
ta urte askoan segi!
Eskola txikiak dira...
Gure hizkuntza nahiz jakin
askotan erderaz egin
mintza euskaraz herritar maite
luzaroan entzun dadin
Gozatu herriko festak
ahaztu penak eta kezkak
parte har zazu beldurrik gabe
ta errespetatu ezetzak
Eskola txikiak dira...
Koplak abestu ondoren, suziriei su eman diete, zerura bidean lehertu zintezen. Segidan, gozokiak bota dituzte balkoitik, haurren gozamenerako. Amaitzeko, herritarrak eguzki-eklipsea ikustera joan dira.
Une honetan herri afaria egiten ari dira plazan, eta gauean izango du jarraipena jai giroak, Olgetan taldearen erromeriarekin.
Abuztuaren 15era arte luzatuko dira festak Zizurkilgo Herrigunean, eta hamaika ekitaldirekin osatu dute egitaraua. Ikusi hemen osorik.