Danena futbol zelaiaren erabilera arautzeko hitzarmena sinatu dute

Ane Lasa (Neskide) Maite Amenabar (alkatea) eta Josu Sarasola (Danena), hitzarmena sinatzen. ZIZURKILGO UDALA

Udalak, Danena Kirol Elkarteak eta Aiztondo Neskide Kirol Taldeak sinatu dute, eta 2030eko maiatzera arte egongo da indarrean. Lehen aldiz, bi futbol talderekin sinatu du udalak hitzarmena.

Zizurkilgo Udalak, Danena Kirol Elkarteak eta Aiztondo Neskide Kirol Taldeak Danena futbol zelaiaren erabilera arautzen duen hitzarmena sinatu dute; 2030eko maiatzaren 1a arte egongo da indarrean. Hitzarmenak futbol zelaiaren erabilera orokorra jasotzen du, eta, orain arte, lau urtez behin udalak eta Danenak sinatu izan dute. Aurten, ordea, Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Danenako Josu Sarasola eta Neskideko Ane Lasa bildu dira hitzarmena sinatzeko.

Hori horrela, hitzarmenak berrikuntza garrantzitsua dakar. Orain arte futbol talde bakarrarekin sinatzen bazen ere, aurrerantzean herriko bi klubek parte hartuko dute. Danena eta Neskide hitzarmen berean jasotzea erabaki dute, futbol zelaiaren erabilera biek koordinatu dezaten. Inguruko herrietan, oro har, furbol zelaiaren erbilera arautzen duten hitzarmenak klub bakarrarekin sinatzen dira. «Zizurkilen, ordea, etorkizun oparoa duten bi klub ditugunez, biak hitzarmen berean biltzea eta zelaiaren erabilera modu partekatuan arautzea erabaki dugu», esan du Amenabarrek.

Bi taldeek zelaia erabiltzen jarraitzeko aukera izango dute, lankidetzan eta elkarlanean oinarrituta. Udalaren helburua da futbolean aritzen diren herriko eta inguruko neska-mutilek kirola egiteko espazio egokia izaten jarraitzea, eta bi kluben arteko bizikidetza eta antolaketa erraztea.

Horrez gain, hizkuntza eta parekidetasun irizpideak ere barnebiltzen dira hitzarmen berrian, aurrekoetan bezala. «Bi klubek euskararen erabilera eta parekidetasuna sustatzeko konpromisoa hartu dute. Udalarentzat ezinbesteko balioak dira biak, eta, horregatik, hitzarmen honetan ere jaso nahi izan dira», adierazi du alkateak. 

Urteurrenen garaia

Une berezian iritsi da hitzarmena: Danena Kirol Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta Aiztondo Neskide Kirol Taldea bost urte betetzear da. Horren harira, udalak «ilusio handiz» sinatu du hitzarmena, eta alkateak aitortu du espero duela «etorkizunean kirolari askok Danena futbol zelaian hazten eta gozatzen jarraitzea». 

Bestalde, udalak berretsi du lanean jarraituko duela, udal kirol-instalazioak erabiliak izateko. Horregatik, Danena eta Aiztondo Neskide Kirol Taldeaz gain, eskola kiroleko haurrek ere Danena futbol zelaia erabiltzeko aukera izango dute, «multikirolak ere leku garrantzitsua baitu Zizurkilen».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!