Azken txanpan sartu da jada Zizurkilgo Intxaur Txapelketaren seigarren edizioa. Lau eta erdiko modalitatean jokatzen da, eta abuztuaren 1ean eta 8an hiruna finalerdi jokatuko dira torneoaren izen bera duen frontoian. Bi egun horietan erabakiko dira finalak jokatuko dituzten sei pilotariak; izan ere, hiru mailatan banatu dute aurtengo edizioa.
Emakumezkoen senior mailan, lehen finalerdia Amasa-Villabonako Behar Zana Pilota Elkarteko bi pilotariren artekoa izango da: Miriam Arrillaga usurbildarra eta Itxaso Erasun zizurkildarra. Beste finalerdian Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Enara Gaminde laukiztarrak jokatuko dute elkarren aurka. Goi mailako pilotariak dira denak. Berriki, Zabaletak Gaminderi irabazi zion Antton Pebeten Oroimenezkoa Txapelketaren 14. edizioko emakumezkoen binakako finala, eta abuztuaren 10ean Erasunek eta laukiztarrak Plazandreak Torneoko finala jokatuko dute.
Promesa mailan, Kurene taldeko Unax Ramirezek eta Lapkeko Julen Armaoleak neurtuko dituzte indarrak lehen finalerdian. Ramirezek 22-11 irabazi zion Andoni Sarasibarri (Oberena) final-laurdenetako kanporaketan; hasi eta buka nagusi izan zen. Armaoleak, berriz, 22-10 irabazi zion Unax Madinari (Intxurre) final-laurdenetan.
Beste finalerdian Igor Nazabal (Larraun) eta Ibon Ibarra (Eibar) ariko dira elkarren aurka. Nazabalek 22-15 irabazi zion Aimar Egigureni (Lapke) final-laurdenetan, hasieratik kontrolpean izan zuen partidan. Ibarrak, aldiz, Tolosa klubeko Ander Iraetari 22-11 irabazita lortu zuen finalerdietarako txartela.
Azkenik, senior mailan, Tolosa klubeko Julen Alberdi zizurkildarrak etxean jokatuko du. Adiskide taldeko Gaizka Carregal izango du aurkari. Txapela janzteko faboritoetako bat da Alberdi, eta hala erakutsi zuen final-laurdenetan; 22-5 hartu zuen mendean Egoitz Olaizola (Eple). Carregalek ere alde handiz irabazi zuen aurreko kanporaketa; 22-9 irabazi zion Hegoi Txoperena leitzarrari. Nafarra 4-0 aurreratu zen, baina 22-5eko partzialari esker, garaipena lortu zuen bizkaitarrak. Markagailua ikusita hala ez badirudi ere, oso partida gogorra izan zen, zenbait tanto luzerekin.
Tolosa klubeko Ekhi Irribarria aramarrak eta Olalde taldeko Ander Etxanizek jokatuko dute beste finalerdia. Irribarriak 22-14 irabazi zion azken orduan Eñaut Lizeagaren ordez sartu zen Aitor Altuna taldekideari. Lehen zatia parekatua izan zen, baina bigarrenean aramarra hobeto aritu zen. Etxanizek, berriz, 22-18 menderatu zuen Kepa Albizu (Lea Ibarra) final-laurdenetan. 9-2 aurreratu zen Etxaniz, baina 14-2ko partzialari esker, aurretik jarri zen Albizu. Azken zatian opari asko egin zituen Lea Ibarrakoak, eta Olalde taldekoak lortu zuen garaipena.
Lehen hiru finalerdiak abuztuaren 1ean jokatuko dira, 17:00etatik aurrera. Beste hirurak hilaren 8an izango dira, ordu berean.
- Abuztuak 1 (17:00)
- Emakumezkoak: Erasun (Behar Zana) vs Arrillaga (Behar Zana)
- Promesak: Ramirez (Kurene) vs Armaolea (Lapke)
- Seniorrak: J. Alberdi (Tolosa) vs Carregal (Adiskide)
- Abuztuak 8 (17:00)
- Emakumezkoak: Zabaleta (Leitza) vs Gaminde (Lea Ibarra)
- Promesak: Nazabal (Larraun) vs Ibarra (Eibar)
- Seniorrak: Irribarria (Tolosa) vs Etxaniz (Olalde)