Iaz, Plazandreak torneoa irabazi zuen Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak lau eta erdiko modalitatean. Aurten, berriro jantzi nahi du txapela, eta urrats bakarra geratzen zaio horretarako: finala irabaztea. Atzelaria izanagatik, espezialista da kaiolan, sufritzen badaki, lan handia egiten du, lau eta erdiko marra bikain bilatzen du, apenas egiten du oparirik eta tantoa amaitzen ere bikain moldatzen da. Ez da erraza izango ordea iazko garaipena errepikatzea, gaur egungo buruz buruko eta binakako txapelduna izango baitu aurkari: Enara Gaminde laukiztarra. Beraz, txapeldunen arteko finala izango da.
Erasunek itxura oso sendoa eman zuen txapelketako ligaxka faseko azken jardunaldiko partidan, eta 18-12 irabazi zion Aizane Ibarrola uhartearrari. Ibarrolak tanto bakarragatik galdu zuen aurreko jardunaldian Gaminde finalistaren aurka. Laukiztarrak eta zizurkildarrak ez zuten jokatu elkarren aurka ligaxka fasean, eta beraz, finalean bakarrik neurtuko dituzte indarrak. Abuztuaren 10ean izango da txapelduna erabakitzeko partida Bilboko Esperantza pilotalekuan, eta Euskal Telebistan emango dute. 19:30ean hasiko da jaialdia eta binakako finala ere jokatuko dute.
Erasunen ustez Gaminde izango da faboritoa asteleheneko finalean. «Txapelketa gogor eta zail baten ondoren finalera heltzea beti da pozgarria, nahiz eta finalera nik nahiko nukeena baino okerrago heltzen naizen. Atzelaria naizenez, binakakora zuzenduta entrenatu naiz urte osoan. Ondorioz, oso zaila da lau eta erdiko txapelketa on bat egitea, baina nire armak ditut eta saiatuko naiz nire indarguneei etekina ateratzen eta Enararen ahuleziak bilatzen».
Zizurkildarraren iritziz, «punta-puntan dabilen pilotaria» da Gaminde. «Lau eta erdian espezialista da, gaur egungo txapelduna hain zuzen ere, eta uste dut oso partida gogorra eta zaila izango dudala. Nik presiorik gabe jokatu behar dut; dena daukat irabazteko. Saiatuko naiz ahalik eta lan txukunena egiten, nire jokoa erakusten, aukera dudanean aurrera egiten eta Enarari lana zailtzen», esan du Erasunek.