Urtero bezala, Villabonako festek irauten duten egunetan Ugare auzoak erabilera handia izaten du, eta, horren ondorioz, zikinkeria nabarmen pilatzen da auzoko kaleetan. «Hainbat lagunek auzoa komun publiko gisa erabiltzen dute, eta horrek osasun eta bizikidetza arazoak sortzen ditu Ugaren», adierazi dute udal ordezkariek.
Egoera horri eta bizilagunen eskaerei erantzuteko, Zizurkilgo Udalak garbiketa zerbitzua indartzea erabaki du aurten ere. Horretarako, Villabonako Udalak festetarako kontratatutako Traeco Medioambiental enpresa kontratatu du, eta haren lana Zizurkilgo udal langileen jardunaren osagarri izango da. Hala, uztailaren 25ean, 26an, 27an eta 31n, baita abuztuaren 1ean ere, enpresak garbiketa sakonak egingo ditu Ugare auzoan. Lan horietan desinfekzio-ekipo espezializatua erabiliko dute, auzoa ahalik eta baldintza onenetan mantentzeko.
Neurriak ahalegin ekonomiko handia eskatuko dio udalari. Izan ere, bost eguneko garbiketa osagarriak 3.107 euroko kostua izango du. Hala ere, udalaren ustez, momentuz behintzat eta egoerak aldaketarik izan ezean, beharrezko inbertsioa da Villabonako festen ondorioz Ugare auzoan sortzen den zikinkeriari aurre egiteko eta auzoko bizilagunen bizi-kalitatea bermatzeko.
Era berean, udalak herritarrei dei egin die espazio publikoak errespetuz erabiltzeko eta bizikidetza arduratsua sustatzeko, festen giroaz gozatzeko aukera inguruko auzoetako bizilagunen ongizatearekin bateragarria izan dadin.
Saneamendu lanak
Bestalde, saneamendu lanak egingo dituzte Elbarrena auzoan, eta Otañotik Muñoa kalera doan errepidean eragina izango dute. Lanak uztailaren 23tik 28ra egingo dituzte, nahiz eta asteburuan errepidea erabat irekita egongo den.
Lanak egiten ari diren bitartean, txandakako zirkulazioa ezarriko dute, eta langile batek emango ditu beharrezko argibideak. Lanen helburua da hondakin-urak jasotzea eta Adunako araztegira bideratzea, Oria ibaira isuri aurretik tratatuak izan daitezen.
Saneamendu lanak direla eta, Bulandegi atzeko aparkalekua ere itxita egongo da datozen hiru asteetan. Lanak abuztuaren 7rako amaitzea aurreikusi dute, eta, beraz, ordurako aparkalekua berriz irekitzea espero dute.