Itxaso Erasun pilotari zizurkildarrak beste txapelketa bat jokatuko du udan: Eskuz Binakako Udako Master Laboral Kutxa Txapelketa, pilota mistoarekin, elite mailan. Erasunek Goiuri Zabaleta leitzarrarekin osatuko du bikotea; San Fermin Torneoa irabazi dute berriki.
A multzoan daude Zabaleta eta Erasun, Etxegarai-Bergara, Arrizabalaga-Zabala eta Sagardui-Mendizabal bikoteekin batera. Txapelketa uztailaren 5ean hasi bazen ere, datorren asteburuan jokatuko dituzte multzoen faseko lehen bi partidak.
Larunbatean, hilaren 25ean, Sagardui-Mendizabal bikotearen aurka jokatuko dute, Gasteizen. Igandean, berriz, Zornotzan jokatuko dute, Arrizabalaga-Zabala bikotearen aurka. Multzoen faseko hirugarren eta azken partida abuztuaren 30ean jokatuko dute Bakion, Etxegarai-Bergara bikotearen aurka.
Finalerdiak irailaren 19an jokatuko dituzte Oñatin, eta finala irailaren 27an izango da Sopelan.
Plazandreak
Une honetan jokoan den beste txapelketa Plazandreak da; Bilboko Esperantza pilotalekuan ari dira jokatzen. Kasu honetan, lau eta erdiko modalitatean ari da parte hartzen Erasun. Joan den astelehenean jokatu zuen lehen partida, hain justu udako txapelketan bikotekide izango duen Zabaletaren aurka. Min hartuta zegoen Etxegarai ordezkatu zuen leitzarrak, eta 18-14 irabazi zion Erasuni. Datorren astelehenean, uztailak 27, izango du zizurkildarrak lehen puntua eskuratzeko aukera, Ibarrolaren aurka.
Ondorioz, hiru egunetan beste horrenbeste partida jokatuko ditu zizurkildarrak; bi binaka eta azkena lau eta erdian.