Itxaso Erasunek San Fermin Txapelketa irabazi du

Ataria 2026ko uztailaren 13a

Uste baino askoz errazago, Arrizabalaga-Bertizi 22-8 gailenduta, iaz lortutako San Fermin Txapelketako txapelak errepikatu dituzte Goiuri Zabaletak eta Itxaso Erasunek larunbatean Labriten giro ederrean jokatutako finalean.

Lagun berriak egiteko primerako lekua dira Iruñeko jaiak, baina betiko lagun onekin gozatzen dira hiri buruzagiko festak hobekien eta horixe izan da leitzarraren eta Behar Zana elkarteko zizurkildarraren garaipenaren sekretuetako bat. Elkar bikain ezagutzen dute, bikote bezala asko batzen dute eta batera erakutsitako sendotasun horrek eman die pilotarien artean hain estimatua den torneo horren bigarren txapela. Elkar bikain hartuta, sanferminetan horren zalapartatsua den Labriten etxeko egongelan bezala sentitu dira berriz ere nafarra eta gipuzkoarra eta horrek ere asko erraztu die garaipenerako bidea.

Beste aldean, lehen final handia jokatu duen Nahia Bertizi, ordea, kosta egin zaio jendez eta zarataz lepo zen kantxan bere lekua topatzea eta Zabaletak saketik egin dion minak –denera 6 tanto egin dizkio lehen pilotakadarekin– erabat atera du gozatzekoa behar zuen egun handitik. Joko sasoi ederrean den Olatz Arrizabalaga saiatu da, handik eta hemendik jokoan sartuta, partida aurreko koadroetan nahasten, baina ale ederrak utzi dituen arren, ezinezkoa suertatu zaio parean izan duen horma eraistea. Finalera arte jokatutako partida guztiak irabazita, txapelketa bikaina osatu dute gernikarrak eta sunbildarrak, baina finalean bikote oso handi bat izan dute parean. Finalerdietan, Donezteben, Etxegarai-Gaminde kanporatzeko partida handia jokatu bazuten, Zabaleta-Erasunek are bikote sendoagoa osatu dute, txapela merezimendu osoz errepikatzeko.

Urdinak 1-2 aurreratu badira ere, Zabaleta-Erasunek azkar hautsi dute partida, aparteko ezer askorik egin behar izan gabe. Iazko txapeldunek ideiak oso argi zituztela ekin diote finalari, jokoa atzean kargatuz eta Olatz Arrizabalaga jokoan sar zedin ekidinez. Ia jarraian lortutako lau sakerekin –Zabaletak ederki bilatu dio ezkerra Bertizi– hautsi dute partida –lan erdietarako 11-4 ziren aurretik–, arrisku handirik hartu behar izan gabe.

Erasunek apenas galdu ditu bi pilota final osoan eta, partida oso bideratua zuela lehen erdian baino askoz arrisku gehiago hartuta, azkenerako Goiuri Zabaletak ere tanto mordoxka bat amaitu ditu bukaerarako (12), Leitzatik gerturatu den jende piloaren gozamenerako. Gustura egoteko moduan dira leitzarrak, aurreko astean gizonezkoek bosgarrenez lortu bazuten Nafarroako Herriartekoa, emakumezkoetan ere, «etxeko» txapelik preziatuena ere eraman dute, etorkizunean poz handiak emango dizkien Goiuri Zabaletaren buruan.

Finala amaituta, irabazle eta galtzaileek munduko jairik handienez gozatzeko modua izan zuten, Emakume Master Cup zirkuituan lehiatzen diren pilotariek ohitura baitute San Fermin Torneoko finalaren egunean elkarrekin bazkaldu eta festan irteteko. Ondo baino hobeto merezia dute.

Argazkiak: Emakume Master Cup

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!