Gizarte bidezkoago, inklusiboago eta anitzagoaren alde egin du udalak

Ataria 2026ko uztailaren 2a

Berdindu zerbitzuaren adierazpen instituzionalarekin bat egin du Zizurkilgo udalbatzak, eta zaurgarritasun handieneko LGTBIQ+ kolektiboko pertsonekiko konpromisoa berretsi du.

Zizurkilgo udalbatzak aho batez egin du bat Berdinduk eta Eusko Jaurlaritzak ekainaren 28aren harira plazaratutako erakunde adierazpenarekin. Horrela, LGTBIQ+ kolektiboarekiko konpromisoa berretsi du, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeran dauden pertsonekiko.

Berdindu zerbitzuak aitortu du LGTBIQ+ kolektiboak egindako bidea, ekainaren 28ko ospakizunen harira. Era berean, nabarmendu du kolektiboaz multzo bakar gisa hitz egin ohi bada ere, errealitate guztiak ez direla baldintza beretan bizi. Horregatik, ikusgarritasun txikiagoa duten identitate, gorputz eta sexu orientazioetan jarri du arreta.

Adierazpenak begirada intersekzionalaren garrantzia ere azpimarratzen du, eta LGTBIQ+ pertsonengan gurutzatzen diren bestelako faktoreak aipatzen ditu: arrazakeria, pobrezia, etxebizitza falta, desgaitasuna edo aniztasun psikikoa, adibidez. «Horrek esan nahi du ez dela gauza bera LGTBIQ+ pertsona bat izatea laguntza sare bat, egonkortasun ekonomikoa eta aitortza soziala izanda, edo prekarietatean, bakardadean edo askotariko diskriminazioen erdian bizita».

Adierazpena onartuta, Zizurkilgo udal ordezkariek gogorarazi dute gizarteko espazio guztiak herritar guztienak direla, eta benetan publikoak izango badira, askotarikoak izan behar dutela. Horregatik, errealitate horiek ikusgarri egitearen alde egin dute, eta bazterrean geratzen diren ahotsak, bizipenak eta beharrak erdigunera ekarri nahi dituztela adierazi dute. «Gizarte irekiago, demokratikoago eta gizatiarragoa eraikitzen laguntzen digu».

Horrenbestez, Zizurkilgo Udalak LGTBIQ+ pertsona guztiekiko konpromisoa berretsi du, bereziki zaurgarritasun handieneko egoeran daudenekikoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!