Pilotari batentzat ez dago gauza bereziagorik San Fermin jaietan Iruñeko Labrit pilotalekuan partida bat jokatzea baino. Eta lau pilotarik pribilegio hori izango dute uztailaren 11n, tartean, Itxaso Erasun zizurkildarrak. Egun horretan, VIII. Master Laboral Kutxa San Fermin Torneoko finala jokatuko du, binaka, Goiuri Zabaleta leitzarrarekin, eta biek iaz lortu zuten txapela defendatuko dute; Arrizabalaga eta Bertitz izango dituzte aurkari.
Zabaletak eta Erasunek, joan den ostiralean lortu zuten finalerdietara sailkatzea, Erasunen etxean, Zizurkilgo Intxaur pilotalekuan, Alda-Bergara bikoteari 22-17 irabazita. Partida gogorra izan zen; bero sapa handiarekin jokatu zuten, eta 80 minutu iraun zuen.
Finalerdiak, berriz, igandean jokatu ziren Doneztebeko Ezkurra pilotalekuan; egun historikoa izan zen, lehen aldiz jokatu baitziren bertan emakumezkoen goi mailako pilota partidak. Ordura arte partidarik galdu ez zuten Etxegarairen eta Gaminderen aurka jokatu zuten Zabaletak eta Erasunek, eta 22-17 irabazi zuten. Beste finalerdian, Arrizabalaga-Bertiz bikoteak 22-12 hartu zuen mendean Salsamendi-Mendizabal bikotea.
Bi bikote finalistek multzoen fasean jokatu zuten elkarren aurka, Berrizen. Neurketa hartan, Uxue Osesek ordezkatu zuen Bertiz, eta Arrizabalagarekin batera, 22-20 irabazi zieten Zabaletari eta Erasuni.