«Hau gaztetxoentzat topagune segurua da»

Ataria 2026ko uztailaren 1a

Ekainaren 10ean ireki zituen berriro ateak Gaztezulok eta Ane Elosegi bertan aritzen da hezitzaile. LHko eta DBHko ikasleentzako aisialdi gunea da.

Ane Elosegi Sanchez (Andoain, 2002) duela aste gutxi hasi da lanean Zizurkilgo Gaztezulon. Ilusioz ekin dio erronkari, eta gaztetxoentzako topagune den espazioari berriz ere bizia emateko lanean ari da.

Noiztik zabiltza lanean Zizurkilgo Gaztezulon?

Ekainaren hasieran hasi nintzen lanean. Dena prestatzeko egun batzuk izan nituen, eta ekainaren 10ean ireki genituen berriro Gaztezuloko ateak gaztetxoentzat.

Nondik nora jakin zenuen hezitzaile faltan zebiltzala Zizurkilen?

Lanbiden alta emanda nengoen, eta duela aste batzuk izan nuen lan eskaintza honen berri. Izena eman nuen, eta hautatu egin ninduten.

Esperientzia baduzu hezitzaile gisa?

Bai. Praktikaldiak egin izan ditut hainbat ikastetxetan, eta begirale titulua ere badaukat. Azken praktikaldia DBHko gazteekin egin nuen.

Gustuko duzu gazteekin lan egitea?

Bai, egia esan. Hartu-eman polita sortzen da, eta oso interesgarria da haien arteko harremanak nolakoak diren ikustea eta esku-hartze posibleak pentsatzea.

Zer moduzko harrera egin dizute Zizurkilen?

Oso ona. Gazteek eta haurrek gogo handia zuten Gaztezulo berriro irekitzeko, eta oso harrera ona egin didate. Gogotsu etorri dira, eta antzeman dut elkar ezagutzeko eta elkarrekin denbora pasatzeko gogoa dutela.

Zein funtzio betetzen du Gaztezulok Zizurkilen?

Gaztezulo LHko 4., 5. eta 6. mailako ikasleentzat eta DBH osoko gazteentzat dago zabalik. Helburua da gaztetxoek aisialdirako gune bat izatea, bertan euren ekintzak egin ahal izatea eta elkarren arteko harremanak sendotzea. Azken batean, toki seguru bat eskaintzea da helburua.

Nolako espazioa duzue horretarako?

Ez da oso handia, baina ondo antolatuta dago. Mahai batzuk ditugu, eta bertan umeek eta gazteek eskulanak egin ditzakete; sofa bat, puf bat eta telebista bat ere baditugu, lasai egon edo pelikularen bat ikusteko; ping-pong mahaia ere badago; eta, amaitzeko, jolasen txoko bat ere badute eskura.

Telebista bai, baina bestelako gailurik ez duzue jarri nahi izan gazteen eskura.

Ez. Telebista badaukagu, baina musika jartzeko edo zerbait zehatza ikusteko erabiltzen dugu. Bestelako erabilerarik ez diogu ematen. Lehen ordenagailuak zeuden, baina kendu egin zituzten. Zerbitzu honen helburua gaztetxoen arteko harremanak indartzea da, eta, horretarako, oztopo izan daitezkeen elementuak saihesten saiatzen gara.

Balio batzuk transmititzen saiatzen zarete?

Haien ongizatea sustatzen dugu, eta beti saiatzen gara gustura egon daitezen. Errespetua, besteekiko tratu ona eta antzeko balioak garrantzitsuak dira, eta, modu batera edo bestera, balio horiek transmititzen saiatzen gara.

Berdin animatzen al dira neskatoak eta mutikoak?

Orain arteko nire esperientzia laburrean oinarrituta, baietz esango nuke. Lehen Hezkuntzan kopuruak nahiko parekatuak dira. DBHko 1. eta 2. mailetan, momentuz, neska gehixeago gerturatu direla ikusi dut; DBHko 3. eta 4. mailetan, berriz, mutil gehiago gerturatu dira.

Udan zabalik izango al da?

Goizez dago irekita zerbitzua, 10:00etatik 13:00etara, LHko 6. mailako ikasleentzat eta DBHkoentzat. Uztailerako hainbat ekintza prestatu ditugu. Irteerak egingo ditugu, esaterako, Hernaniko igerilekura, Donostiako portura kayak egitera eta Senpereko lakura. Izena Gaztezulon bertan edo udal bulegoetan eman daiteke.

Dena den, saiatuko gara gerturatzen diren gaztetxoekin adosten zer egin dezakegun uztaileko egun horietan. Gaztezulo itxita egongo da abuztuan.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!