Gaztezulo haurrei, nerabeei eta gazteei bizitzarako trebakuntza eskaintzen dien aisialdi-zerbitzua da. Duela 10 urte baino gehiago ireki zen, eta herriko nerabe eta gazteei aisialdi hezigarri bat eskaintzeko sortu zen. Zizurkilgo Udalarentzat espazio garrantzitsua da, herriko gazteriak aisialdi osasuntsua izateko tokia, alegia.
«Gaztezulo gazte ekintzaile, sortzaile eta kritikoak sustatzen dituen espazio irekia eta integratzailea da; izan ere, herriko eragile izango diren etorkizuneko gazteen garapenean bidelagun izan nahi du udalak. Hori dela eta, eskaintza zabala eta aberatsa duen gunea da», esan dute udal ordezkariek.
Joan den urtarrilaren 19tik Gaztezulo itxita egon ondoren, ekainaren 10etik aurrera, berriro zabalduko ditu ateak. Betiko ordutegia izango du: Asteazken eta ostegunetan 17:00etik 18:00etara LH 4koak; asteazken eta ostegunetan 18:00tik 19:00etara LH 5ekoak; asteazken eta ostegunetan 19:00etatik 20:00etara LH 6koak; ostiral eta larunbatetan 17:00tik 18:30etara DBH 1 eta 2koak; eta ostiral eta larunbatetan 18:30etatik 20:00tara DBH 3 eta 4koak.
Ordutegia mantendu arren, Gaztezulok aldaketa nabarmenarekin irekiko ditu. Gaztezulok hezitzaile berria izango du: Ane Elosegi.
Udako eskaintza
Ohiko ordutegia ekainaren 22ra arte egongo da martxan, eta data horretatik aurrera udako eskaintza zabalduko da. Hortaz, udako programazioaren barnean hainbat tailer berezi egingo dira ekaineko azken asteetan eta uztailean.
Udako jarduerak, ordea, LH 6tik DBH 4ra bitarteko gazteei zuzenduta egongo dira eta goizeko ordutegian egingo dira, 10:00etatik 13:00etara. Horietaz gozatu nahi duen orok, Gaztezulon edo udal-bulegoetan eman beharko du izena.
Hauexek dira egingo diren ekintzak:
- Ekainak 23: Marrazki tailerra (Gaztezulon).
- Ekainak 26: Pelikula (Gaztezulon).
- Ekainak 30: Frontenis txapelketa (Zizurkilgo Herrigunean).
- Uztailak 2: Pultsera tailerra (Gaztezulon).
- Uztailak 6: Tie dye tailerra (Gaztezulon).
- Uztailak 8: Hernaniko igerilekura egun-pasa.
- Uztailak 10: Batido tailerra (Gaztezulon).
- Uztailak 15: Kayak eta egun-pasa hondartzan (Donostian).
- Uztailak 20: Senpereko ur parkea.
- Uztailak 23: Mendi buelta eta bazkaria Gaztezulon.