Herriguneak parke berritua du dagoeneko. Zizurkilgo Udalak eta Mendigain eskolak elkarrekin inauguratu dute Mendigain parkea. Joan den igandean, Eskola Txikien Festan erabilgarri egon zen arren, aste honetan egin dute inaugurazio ofiziala herriko umeekin batera. Ekitaldian, Maite Amenabar alkateak zorionak eman dizkie eskolako arduradunei igandean antolatutako jaiagatik.
Haur parke berrian egurrezko elementuak dira nagusi. Udalaren arabera, lau arrazoi nagusik bultzatu dute material horren aldeko hautua. Batetik, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua bermatzen laguntzen duelako, egurra baliabide berriztagarria baita. Bestetik, ingurunean hobeto integratzen delako, bereziki berdeguneetan, lorategietan eta natura-guneetan. Horrez gain, naturarekiko lotura sustatzen du, eta haurren irudimena zein sormena garatzen laguntzen du. Azkenik, gaur egungo tratamenduei esker, egurrezko egiturek segurtasun eta iraunkortasun handia eskaintzen dute, hezetasunaren, onddoen eta ezpalen aurrean babestuta baitaude.
Parke berriak, beraz, jolaserako gune erakargarria eskaintzeaz gain, jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta haurren ongizatearen aldeko apustua ere egiten du.
Hala ere, zenbait lan amaitzeko daude oraindik. Besteak beste, kulunketako bat ordezkatu, eskaileretako atea jarri eta alde bateko zuhaitzak inausi beharko dituzte. Gainera, itzala emango duen zuhaitz bat landatuko dutela iragarri du alkateak. «Zuekin batera haziko den zuhaitza jarriko dugu, gerizpea izan dezagun», esan die herriko umeei inaugurazio ekitaldian.

