Eskola Txikien Festa ari dira ospatzen Zizurkilen

Leyre Carrasco 2026ko ekainaren 14a

Ekitaldi nagusiarekin abiatu dute aurtengo Eskola Txikien Festa Zizurkilen; tartean Eskola Txikietako plaka oparitu die komunitatera sartu berri den Berastegiko Muñagorri Eskolari eta lekuko aldaketa ere egin dute Alkizako eskolarekin.

Zizurkilgo Mendigain Eskolako ikasleek abestutako bertsoek abiatu dute ekitaldia. Igoitz Alkorta herritarrak gidatu du aurtengo festaren ekitaldi nagusia, eta berarekin izan dira oholtza gainean Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Maite Telletxea Mendigain Eskolako zuzendaria, Alaitz Ormazabal Urkamendi Guraso Elkarteko ordezkaria, Amaia Urzelai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkaria eta Eider Mendoza.

Amenabarrek azpimarratu du Zizurkilek behar duela eskola txikia, «euskarari arnasa ematen diolako eta beste eskola eredu batean sinisten dugulako». Etorkizunean, eskolarekin, familiarekin eta hezkuntza komunitate osoarekin elkarlanean jarraituko dutela aipatu du, «proiektu berriak bultzatzen eta erronka berriei aurre egiten. Elkarrekin lanean jarraituko dugu, gure herriaren eta gure aurren etorkizuna eraikitzen. Erakunde guztiok bultzatu beharko genukeen eredua da txikitik eragiten duena».

Pertsona guztien beharretara egokitutako jaia prestatu dute, bederatzi gunetan banatuta. Urkamendi guraso elkartearen gidaritzapean, «auzolan erraldoia» egin dutela azpimarratu du Ormazabalek; 200 lagun ari baitira boluntario lanean. «Harro gaude herrigune txiki batean bizitzeaz, eskola txikietako komunitateko kide izateaz. Txikiak bai baina eskasak ez. Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez», gaineratu du.

Amaia Urzelai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako Gipuzkoako Lurralde ordezkariak hartu du hitza ondoren, eta eskola txikien komunitatearen garrantzia azpimarratu du: «Gaur hemen ospatzen duguna ez da festa hutsa, eredu bat baizik, balio batzuk, etorkizun baten aldeko apustua. Herri osoa hemen zaudete, zeren eskola txikiek ez duzue bakarrik hezten, herria bizirik mantentzen duzue; ez zarete ikasgelak bakarrik, komunitate bat zarete, harremanak zarete eta belaunaldiak elkarren artean lotzeko espazioak eskaintzen dituzue. Eskola txikien inguruan sortzen da bizitza eta horregatik ere hezkuntza administrazioak zaintzen ditu eskola txikiak». Hezkuntzarekin aldetik eredu hau babesten, sendotzen eta baliabideez hornitzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du.

Mendozak bere aldetik festan parte hartu duten guztiei honekin jarraitzeko konpromisoa eskatu die: «Mirua galzorian zegoen hegaztia da, gure herria bezalaxe eta gure hizkuntza propioa bezalaxe, baina denboran irauten du. Honek ordea, etengabeko ahalegina eskatzen du eta seguru nago zuek, belaunaldi berriak, geuk baino hobeto egingo dituzuela hainbat gauza eta horretan konfiantza daukat. Euskarak ere gure hegoak behar ditu hegan egin dezan eta horretarako, ahalegin eta konpromiso honekin jarraitzeko eskatzen dizuet».

Ekitaldi amaieran lekuko aldaketa egin dute, eta hala, datorren urtean Eskola Txikien Festa Alkizan ospatuko dela iragarri dute. Festarako gonbita zuzena egin du Eñaut Sorrarainek, Gipuzkoako Eskola Txikietako Guraso Elkarteen Koordinakundeko lehendakariak: «1999. urtean izan zen festa Alkizan, eta iritsi zaigu berriro lekukoa. Dagoeneko gogotsu gaude lanean datorren urteko antolakuntza osatzen eta guztiok gonbidatuta zaudete datorren urteko festara ere. Kanta batek dioen bezala, zenbat txiki behar den handia izateko, eta egin dezagun handi guztion artean».

Eskola Txikietako Komunitatean sartu berri da Berastegiko Muñagorri Eskola, eta gaurko festa hori ziurtatzen duen plaka oparitzeko baliatu dute ere. Beraz, ekitaldian zehar Muñagorri Eskolako ordezkariak igo dira oholtzara eta Eskola Txikietako plaka jaso dute, Irati Peñagarikano Zizurkilgo Gurasoen Koordinakundeko ordezkariaren eta Olaiz Duao Altzoko Eskolako zuzendariaren eskutik.

Ekitaldi nagusia amaituta, festan murgildu dira bertaratu diren guztiak. Jolasean aritu dira haurrak; Haur Hezkuntzakoak pilotalekuan eta Lehen Hezkuntzakoak eskola atzeko belazean. Egurrezko jolasetan ibiltzen aukera ere izan da pilotalekuaren ondoan eta Loatzo musika eskolak girotu du goiza. Egun guztian zehar izango da zertaz gozatu Zizurkilen.

Egitaraua
  • 11:30-16:30. Egurrezko jolasak.
  • 12:00-16:30. Liburuen altxorra. Galtzagorri elkartearen eskutik.
  • 12:00-16:45. Tailerrak. Aurpegi margoketa, pins-en sorkuntza, kalabazen eskulanak, egurrezko xaflekin eskulanak, estanpazio botanikoa, henna...
  • 13:00-16:45. Puzgarriak. Uretako puzgarriak ere izango dira.
  • 13:30-14:30. Herriko erraldoien kalejira.
  • 14:00. Herri bazkaria.
  • 14:45-16:45. Zirku tailerra.
  • 15:00-17:00. Magoak kalean.
  • 15:30-16:30. Bertso tailerra. Harituz bertsozale eskolaren eskutik.
  • 16:30-17:30. Mulambo batukada.
  • 17:30. Irri, kantu eta dantza ikuskizuna, Porrotx eta lagunekin.
  • 14:45-16:45. Zirku tailerra.
  • 15:00-17:00. Magoak kalean.
  • 15:30-16:30. Bertso tailerra. Harituz bertsozale eskolaren eskutik.
  • 16:30-17:30. Mulambo batukada.
  • 17:30. Irri, kantu eta dantza ikuskizuna, Porrotx eta lagunekin.

Erlazionatuak

«Txikiak bai baina eskasak ez»

Leyre Carrasco eka 14, 15:00 Zizurkil

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!