Edukiontziak atera dituzte Herriguneko ekarpen gunetik

Ataria 2026ko ekainaren 2a

Hemendik aurrera errefusaren edukiontziak zabaltzeko txartela beharko da. Udaletxean eska daitezke, eta gehienez, etxe bakoitzeko bi banatuko dituzte.

Hainbat edukiontzi atera dituzte Herriguneko ekarpen gunetik. Errefusaren edukiontziak bakarrik jarraitzen dute ekarpen gunearen barruan.

Udalak erabaki hau hartu du, alde batetik sabotajeak saihesteko, hainbatetan lapurtu eta hautsi dituztelako etxolen sarrailak eta klabeatua. Bestetik, udalak gogoratu du kalte horietako bakoitza konpontzeak diru kostu handia dakarrela eta gastu horiek herritarrek ordaintzen dituztela.

Zizurkilgo Udalak esan du txartel bidezko sistemaren helburua erabilera egokia bermatzea dela, eta hondakinak behar bezala bereiztea. Gune hori zaborrez beteta agertu da behin baino gehiagotan, ekarpen gunearen erabilera desegokia eginez.

Hemendik aurrera, errefusaren edukiontzia zabaltzeko txartela beharko da. Izan ere, errefusaren edukiontziaren estalkian bertan sarraila elektronikoa jarriko da. Txartelak udaletxean eska daitezke, eta gehienez, etxe bakoitzeko bi banatuko dira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!