Konpost-ontzien eraginkortasuna neurtzeko gailua sortu dute

Ataria 2026ko maiatzaren 22a

La Salle Berrozpeko Elektronika lanbide-moduluko ikasleek sortu dute. Auzo konpostatze guneetako tenperaturak neurtzen ditu gailuak.

La Salle Berrozpeko elektronika lanbide-moduluko ikasleek tenperatura neurtzen duen gailu elektronikoa sortu dute, eta Zizurkilgo Udalaren esku jarri dute. Proiektua Erick Arias eta Andrea Ponce ikasleek garatu dute, Jonathan Arizala irakaslearen laguntzarekin.

Andoaingo ikastetxeak ikasleek ikasgelan jasotako ezagutzak praktikan jartzea sustatzen du, eta horretarako eskualdeko udalen beharrei erantzuteko prest agertzen da. Helburua bikoitza da: erakundeei laguntza eskaintzea eta ikasleek egindako lanaren erabilgarritasuna frogatzea. Horren adibide da Zizurkilgo Udalarekin elkarlanean garatutako gailua; izan ere, udalak herriko konpostagailuen eraginkortasuna neurtzeko sistema baten beharra zuen.

Urrian jarri zen gailu berria martxan, hortaz, azken sei-zazpi hilabeteotan haren eraginkortasuna frogatu ondoren, ikasleek Zizurkilgo Udalari eta Tolosaldeako Mankomunitateari aurkeztu diote proiektua. Bertan izan dira Maite Amenabar Zizurkilgo alkatea, Ainhoa Azpeitia Zizurkilgo Nekazaritza teknikaria, Alaitz Labaien Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakaria, Gemma Ezeiza Tolosaldeako Makomunitateko teknikaria eta La Salle Berrozpe LHFP-ko Pio Eraso zuzendaria. 

Gailu berriaren laguntza

Zizurkilgo Udala azken urteotan buru belarri ari da lanean hondakinen kudeaketa egokian. Auzo konpostatze guneen aldeko hautua horrexegatik hartu zuen udalak, herrian bertan sortzen den soberakina bertan kudeatzeko eta erabiltzeko. Hala ere, konpostajearen prozesua egokia izan dadin –eta sortzen den konposta erabilgarria den edo ez den jakiteko– hainbat parametro hartu behar dira kontuan. Eta horietako bat, prozesu horretan gakoa den elementuetako bat, tenperatura da. 

Aurkeztutako gailu berriak tenperaturaren datuak egunean bi aldiz jasotzen ditu, eta informazio hori zuzenean sare bidez bidaltzen da udalaren sistemara. Horri esker, eguneroko datu erreal eta zehatzak eskuratzen dira: tenperaturaren bilakaera, kanpoko eguraldiaren eragina edota material lehorraren eta hezearen geruzak behar bezala osatu diren ala ez, besteak beste. Maite Amenabar alkateak udalak hondakinen kudeaketa egokiaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen duela azpimarratu du, eta proiektu honi esker «pauso handiak» eman daitezkeela nabarmendu du. Era berean, eskerrak eman dizkie ikastetxeko ikasle eta irakasleei egindako lanagatik.

La Salleko ikasleek diseinatutako gailua existitzen ez zenenean, modu analogikoan kontrolatzen zuten udal langileek Zizurkilgo auzo konpostatze guneetako tenperaturak. «Hala ere, sekulako lana da modu analogikoan egitea, denbora eta gainkarga handia eskatzen baitu. Horrexegatik ezin zitekeen egunero neurtu tenperatura». Ainhoa Azpeitia teknikariak zera onartu du: «Ordenagailua begiratu besterik ez dugu egin behar orain, eta egunero biltzen diren datu esanguratsuak ditugu hortxe. Proiektu hau ikaragarria da, oso baliagarria da guretzat, lana izugarri errazten digu eta batez ere, denbora aurrezten digu».

Zergatik da garrantzitsua tenperatura?

Konpostatze prozesuan, beraz, tenperatura da adierazle nagusietako bat. Hondakin organikoak pilatzen direnean, mikroorganismoek materiala deskonposatzen hasten dira, eta jarduera horrek beroa sortzen du. Horren ondorioz, tenperatura igo egiten da, eta aldaketa horiek prozesuaren egoera eta eraginkortasuna ezagutzeko balio dute. 

Adituek azpimarratzen dute tenperaturaren kontrola ezinbestekoa dela konpostatze egokia bermatzeko. Tenperaturaren bilakaerak mikroorganismoen jarduera nolakoa den erakusten du, baita materia organikoa behar bezala deskonposatzen ari ote den ere. Gainera, tenperatura altuek osasunerako kaltegarriak izan daitezkeen patogenoak ezabatzen laguntzen dute; horrela, amaierako konposta seguruagoa eta kalitate handiagokoa izaten da. 

Tolosaldeako Mankomunitateko ordezkariak ere bertan izan dira, proiektuak hondakinen kudeaketa eraginkorragoa egiten eta konpostatzearen jarraipen zehatzagoa bermatzen duenez, eskualde osoan zabaldu daitekeen eredua izan liteke. «Ondorioz, teknologia, jasangarritasuna eta tokiko erakundeen arteko elkarlana uztartzen dituen ekimen honek konpostaren etorkizunerako bide interesgarria ireki dezake Tolosaldean».

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!