Eskola Txikien Festa 2026

Bederatzi ahots Mendigaini

Jon Miranda Labaien 2026ko maiatzaren 17a

Eñaut Solaguren, Mikel Garin, Haitz Urbistondo, Arkaitz Zaldua, Alaitz Ormazabal, Maxux Labaka, Nahia Alkorta, Izaro Lizarraga eta Unai Mendizabal herritarrek Mendigain izan dute hizpide.

EÑAUT SOLAGUREN

«Aritzeko modu honek motibatu egiten gaitu irakasleok»

Zenbat ikasle eta irakasle zarete Mendigain eskolan?

Klaustroan hamar irakasle gara, nahiz eta denak ez garen ari jardun osoan. Ikasleak, berriz, 52 dira Mendigainen.

Beste eskola txikien ezaugarriak ditu Mendigainek; baina, horrez gain, zein da bere bereizgarria?

Metodologia deitzen diote, baina nik esango nuke filosofia dela. Lan egiteko modua da bereizgarria, eta beste hainbat lekutan ere eredutzat hartzen dute. Geroago etorri garenok hasierakoek abiatutako bideari segitu diogu, eta erronka da guretzat. Irakasleontzat motibagarria da aritzeko modu hau. Ikasleak erdigunean jartzen direnean, eta haiei zein familiei arreta jartzen zaienean, asebeteta egiten dugu lan irakasleok.

Ahulgunerik ikusten al diozu eskola txikiari?

Matrikulazioak behera egingo duela aurreikusten dugu, gizarteko joerari erreparatuta. Erronka berriak sortuko zaizkigu. Lan egiteko modu honek, ordea, moldatzeko aukera gehiago ematen digu: hitz egin, zalantzak planteatu eta talde gisa erantzuten diegu erronkei.

Zein parte hartze izan duzue irakasleok festaren antolakuntzan?

Irakasleei eskatu ziguten parte hartzeko batzorderako kide bat izendatzeko. Ni aukeratu ninduten —edo niri egokitu zait, behintzat—. Ikasleekin, aurreko ikasturtean hasi ginen Eskola Txikien Festa lantzen: prozesu parte-hartzailea egin genuen logoa aukeratzeko. Aurten, gurasoen koordinakundetik Gipuzkoako gainerako eskola txikien parte hartzea bultzatu nahi dute, bai aurretik, bai egunean bertan. Eskolan bost tailer ditugu, eta horietako bakoitzarekin lotutako erronka bana bidali dugu eskoletara. Bosgarrena ekainaren 14an bertan egingo dugu. Mugimendu tailerrarekin lotuta egongo da, eta jolas parte-hartzaileak izango dira HHko eta LHko ikasleentzat. Erronka handia izango da hori antolatzea.

MIKEL GARIN

«Herriarekin genuen harremana hiri handietako jendeak ez du»

Zein oroitzapen dituzu ikasle izan zinen garaiaz?
1999tik 2007ra izan nintzen Mendigaingo, orduko San Millan eskolako, ikasle. Oroitzapen onak ditut. 9-10 urte nituela Elbarrenara jaitsi ginen bizitzera, baina, hala ere, eskolan jarraitu genuen, oso gustura geundelako. Ikaskideak eta irakasleak ditut gogoan, eta oroimen polita dut.

Zein abantaila dakar eskola txiki batean ikasteak?
Bestelako eskolak ere ezagutu ditut. Aldaketa
graduala izan zen: 12 urterekin hemendik atera eta Erniobeara joan ginen; aldaketa izan zen, baina moldatu ginen. Handiagoa izan zen Orixera joan ginenekoa, eta, zer esanik ez, unibertsitatekoa. Eskola txikiaren abantaila nagusia harremana da: denok elkar ezagutzen genuen, adin askotako ikasleak elkarrekin egoten ginen… Irakasleak ere gure gainean egoten ziren. Balioa handia du gertutasunak; herriarekin eta baserri giroarekin genuen harreman hori, adibidez, hiri handietako jendeak ez du. Abantaila handia da.

Harremana mantentzen duzu zure ikaskide izan zirenekin?

Kuadrilla Elbarrenakoa dut, baina txikitako ikaskideekin harremana badut. Nahi baino gutxiagotan igotzen naiz Herrigunera, baina etortzen naizenean gustura egoten naiz hemengo jendearekin. Ikaskide izan nituenetako batzuk gaur egun guraso dira Mendigainen, eta pozgarria da.

Parte hartuko duzu Eskola Txikien Festan?

Jendea behar dela esan digute. Herri txiki batentzat festa handia da. Amarekin batera etorriko naiz lanera, boluntario. Horrez gain, kantuan ere parte hartu dut ikasle ohi gisa.

HAITZ URBISTONDO

«Urduri gaude, baina, batez ere, festarako gogoa dugu»

Zein mailatan zaude?

Seigarren mailan nago. Aurten bukatuko dut Mendigain eskolan, eta datorren urtean Erniobeara joango naiz. Pena pixka bat ematen dit betiko eskola utzi behar izateak.

Urduri al zaude ekainaren 14ko festari begira?

Urte osoan festa prestatzen ibili gara, eta gogotsu gaude iritsi dadin. Data gerturatu ahala urduritasuna handitzen zaigu, baina, batez ere, gogoa dugu.

Eskolan landu duzue gaia? Beste eskoletakoak espero dituzue festa egunean?

Lau erronka bidali dizkiegu Gipuzkoako gainerako eskola txikiei. Bosgarrena festa egunean bertan egingo dugu. Orain artekoak ondo atera dira, eta esango nuke arrakasta handia izan dutela. Azkeneko erronkan jende askok parte hartzea espero dugu.

Zuk zer egingo duzu Eskola Txikien Festaren egunean?

Lagundu, ondo pasatu eta parte hartuko dut ekainaren 14an. Ekitaldi asko izango dira, eta denetarako gogoa dugu.

Zer esango zenioke jendeari festara etor dadin?

Nire ustez, oso festa polita prestatu dugu. Tolosaldeko jende guztia gonbidatuta dago.

ARKAITZ ZALDUA

«Udala oso eskertuta dago jende honek egin duen lanarekin»

Zein parte hartze du udalak Eskola Txikien Festaren antolakuntzan?

Udalari joan den urteko urrian egin zioten gonbita bileretan parte hartzen hasteko. Ordutik talde motorrean nabil, Hezkuntza zinegotzi gisa. Udal baliabideak, eskura ditugunak, festaren zerbitzura jarri nahi ditugu. Gainera, aurtengo aurrekontuan laguntza lerro berezi bat jaso dugu festari begira. Zizurkil herri txikia da, eta eskura ez dugun materiala inguruko herrietatik ekarriko dugu; horretaz arduratuko gara.

Mendigain eskolak zein funtzio betetzen du Zizurkilen, eta, zehazkiago esateko, Herrigunean?

Zizurkilgo errealitatea da bi gunetan banatuta dagoela. Eskolak Herrigunerako ezinbesteko lana egiten duela iruditzen zait. Festaren antolakuntzan argi geratu da familien eta herritarren inplikazioa. Udala oso eskertuta dago jende honek denak egin duen lanarekin. Jende asko beharko da festaren egunerako, eta udalak gainerako herritarrak animatu nahi ditu boluntario gisa izena ematera.

Zein indargune eta ahulgune ikusten dizkiozue eskola txikiari?

Mendigainek komunitate zentzua ematen dio herriari, eta ezinbestekoa iruditzen zaigu Herrigunean. Jaiotze tasa jaisten ari da, eta horrek egoera zailduko du, baina errealitate hori toki guztietakoa da. Etorri ahala, udaletik erantzuten saiatuko gara, eta ahal den neurrian gure laguntza emango dugu.

ALAITZ ORMAZABAL

«Guraso elkartea indartzen lagunduko duela uste dugu»

Nola antolatu zarete gurasook Eskola Txikien Festari begira?
Erronka planteatu zitzaigunean, ikusi genuen batzordeka antolatu behar genuela. Aurreko festetako antolakuntzari jarraituta, honako batzorde hauek osatu genituen: komunikazioa, ekonomia, salmenta, ikuskizunak, trafikoa, zerbitzuak eta parte hartzea. Batzorde bakoitzak kide bat izendatu du talde motorrean aritzeko, eta han batzorde buruekin batera eskolak eta udalak hartzen dute parte. Astero biltzen da talde hori, eta bilerak motz geratzen zaizkigu; gauza asko daude antolatzeko. Ez dirudi, baina kontuan hartu beharreko gauza asko daude.

Zer moduzko giroa izan duzue elkarrekin?
Hau ekipo bat da. Egia da karga gehiena gurasook hartu behar dugula, baina eskolaren, udalaren eta gainerako herritarren laguntza ere badugu. Oso umore onez daramagu antolakuntza. Ahalegin handia egiten ari gara, eta aldamenekoa topera lanean ikusten duzunean, horrek zeure burua ere animatzen zaitu aurrera jarraitzera. Hori bai,
hasi gara esaten dena bukatzen denean ospatzeko afari eder bat egingo dugula elkarrekin [barrez].

Zenbat lagun beharko dira lanerako?
200 inguru kalkulatzen ditugu. Gero eta jende gehiagok hartu ardura, orduan eta errazagoa izango da denontzat. Osatuko dugu taldea, esperantza hori daukat. Pentsa, taberna eta bazkariaren prestaketarako jende asko beharko da;
beste hainbeste herria garbi mantentzeko, edo trafikoa bideratzeko.

Ezingo da Herrigunera kotxez igo.
Ez. Eromena izango litzateke bestela. Autobusak antolatuko dira
lanzadera gisa. Behean aparkalekuak atonduko dira, eta herrigunekook ere kotxeak aterako ditugu handik, oinezkoentzat guztia libre uzteko. Eguraldiak baldintzatuko du, baina mila lagunetik gora espero ditugu. Herri txikia da, eta ardura handia da hainbeste jenderi harrera egitea. Gustatuko litzaiguke biharamunean hona etorritako jendeak esatea festa polit bat aurkitu zuela Zizurkilen, ez luxuzkoa, baina bai duina.

Nekatuta, indartuta, gauzak antolatzen segitzeko gogoz… nola aterako da guraso elkartea ekainaren 14ko festatik?

Esku eta buru nahikoa badugu hau guztia aurrera ateratzeko. Kontentu gaude. Oso aldarte onean elkartzen gara, eta uste dugu festaren antolakuntzak guraso elkartea indartzen lagunduko duela.

MAXUX LABAKA

«1998an asmatu genuen leloaren bigarren zatia: herri txikiak bizirik»

Zenbatgarren Eskola Txikien Festa izan zen 1998koa?

Hamaikagarren festa izan zen. Aurreneko hiruak irakasleek antolatuta egin zituzten: Bidania-Goiatzen 1988an, Berastegin 1989an eta Gaztelun 1990ean. Hemen ibiltzen zen Elena Laiz irakasleak esan zigun irakasleek festa antolatzeari utziko ziotela. Orduan hasi ginen eskola txikietako gurasoak elkartzen, bata eta besteari deituz. 1991n Gabirian egin zen lehen aldiz gurasoek antolatutako festa. Handik gutxira gurasoen koordinakundea sortu zen, eta beste martxa bat hartu zuen. Eboluzio polita izan du.

Zenbat ume zebiltzan Mendigainen 1998an?

30 baino gutxiago. Arriskuan ere egon zen uneren batean. Ratioak justu-justu betetzen ziren, eta indar handia egin zen herrian eskola mantentzeko. Eskolak herri txikiak bizirik irauteko gakoa zirela ikusten genuen. Hain justu, Zizurkilgo festa hartan asmatu genuen Eskola txikiak bizirik leloaren bigarren zatia: «Herri eta auzo txikiak bizirik». Logo berezi bat ere egin zen, eskolako ume batek egindako marrazkian oinarrituta Patxi Otegik diseinatua.

Nola antolatu zineten egitaraua antolatzeko?

Aurrena, Pantxikanean hamaiketakoa eskaini zitzaien agintariei, harrera egin ondoren. Eskola guztiek prestatzen zuten ikuskizun bat festan egiteko, eta goiz osoa irauten zuen emanaldi horrek; luze jo zuen orduko hartan ere. Bazkaria frontoian prestatu genuen catering-arekin, eta etxetik janaria ekarri zutenentzat mahaiak jarri genituen Zimiterioan. Murua eta Loidisaletxe aritu ziren bertsotan, Estanga anai-arrebak trikitian, eta Kiki, Moko eta Flax pailazoak ere etorri ziren. Dozena erdi lagun ibiliko ginen dena antolatzen. Egunari begira herriaren laguntza jaso genuen, eta baita udalaren babesa ere. Oroitzapen ona daukat; behin dena bukatuta, Iriarten afaldu genuen denok elkarrekin, ondo atera zela ospatzeko.

Jende asko izan al zen?

Ez dakit zehazki zenbat, baina eguraldi ona izan zen eta jende asko etorri zen, baita eskola txikiekin zerikusirik ez zuena ere. Hutsune batzuk ere izan ziren. Politikoki garai zailak ziren. Festa egin baino bi egun lehenago Ina Zeberio hil zuten Gernikan; nahiz eta bazkaltzeko apuntatuta egon, Lizartzakoak ez ziren etorri.

Aurten nola parte hartuko duzue?

Orain, bilobekin. Ekainaren 14an ahal dugun guztia egingo dugu. Boluntario gisa eman dugu izena, eta agintzen diguten tokian jarriko gara.

NAHIA ALKORTA

«Saretzea bilatzen du festak, eskola txikien arteko topaketa da»

Ekainaren 14ko festarako antolatutako egitarauaren zertzelada nagusiak?

Egitaraua ekitaldi ofizialarekin hasiko da, etorriko diren familiei eta parte hartzaileei harrera eta aitortza egiteko. Ondoren, urtean zehar landu diren erronketako azkena egingo dute jolas bidez. Gero, tailerrak eta ikuskizunak izango dira. Eguna Porrotxekin amaituko dugu, eta eskolako haurrek hainbat kantu eta dantza egingo dituzte harekin batera.

Zertan saiatu zarete egitaraua antolatzerakoan? Zein baliotan oinarrituta?

Alde batetik, festak saretzea bilatzen du, eskola txikien arteko topaketa baita, azken batean. Helburua, beti ere, festa parte hartzailea izatea izan da. Horregatik, ekintza gehienetan parte hartu ahal izango dute etorriko direnek, eta ez dira ikuskizun hutsak izango. Gozatzeaz gain, norberak hainbat erronka gainditu beharko dituen eguna izango da.

Zenbat jende arituko zarete egun horretan antolakuntzan lanean?

Ez dakigu zenbat jende etorriko den; badakigu eguraldiak asko baldintzatuko duela. Nolanahi ere, boluntario asko beharko dira, 200dik gora. Denetariko lanak izango ditugu.

Oharren bat eman nahi duzue? Garraioa, ordutegia...

Garrantzitsua da jakitea ezingo dela Herrigunera ibilgailuz igo. Aparkalekuak Elbarrenan antolatuko ditugu, eta autobusez igo beharko da, edo, bestela, oinez, animatzen direnentzat.

IZARO LIZARRAGA

«Logotik abiatu genuen dena, eta uste dut hasiera ona izan zela»

Zein prozesu eraman duzue logoa aukeratzeko?

Argi geneukan eskolako umeen parte hartzearekin egin nahi genuela. Eskolan hiru saio egin genituen bertako ikasleekin. Ideia zaparrada batean, lehenengo saioan, haientzat Mendigain edo Zizurkil zer zen galdetu zitzaien. Ideia nagusi batzuk atera ziren, eta bigarren saio batean ideia horien inguruan marraztu zuten. Gehien errepikatu ziren ideiak hautatu genituen: laguntasuna, plazako zuhaitza eta miru gorria. Hiru irudi horiek kanpora atera genituen, eta ikas komunitateak zein herritarrek botoa emateko aukera izan zuten. Miru gorria izan zen bozkatuena. Ikasleen ideiak oinarri hartuta, hiru proposamen egin nituen. Azkenean, hau izan zen gehien gustatu zitzaiena.

Zergatik aukeratu duzue miru gorria?

Hegazti honen Europako erreserba natural handienetako bat hemen omen dago, Zizurkilen. Hasiera batean ez zitzaigun oso ezaguna egiten, baina, hala ere, geure zentzua eman genion: txori bat askatasunean hegan egiten duena, baina gero berriro etxera itzultzen dena... Irudia izan zen landu genuen lehen gauza. Logotik abiatu genuen festaren antolakuntza, eta uste dut hasiera ona izan zela.

Lan gustagarria izan al da zuretzat?

Bai, batez ere ikusita zenbateko ilusioarekin parte hartu zuten ikasleek. Eskola Txikien Festarako atxikimendua lantzeko balio izan digu. Azken batean, umeek erabaki ahal izan dute zerk ordezkatzen gaituen. Bere sentitu dute, eta hori niretzat oso pozgarria izan da.

UNAI MENDIZABAL

«Argi neukan letrak umeek kantatzeko modukoa behar zuela»

Erronka handia izan al da kantuaren hitzak egitea?

Aurretik ere egin izan ditut kantuen hitzak, baina aurrekoetan doinua pasatzen zidaten, eta horren gainean osatzen nituen hitzak. Oraingoan alderantziz izan da: hutsetik egin dut letra. Hasieran arraro egin zitzaidan, bertsotan ohituta baikaude metrika eta doinu jakin batzuetan lan egitera. Baina, azken batean, arreta jarriz gero, errepika eta kopla nagusi batzuk dira kanturako erabili ditudanak.

Zein balio islatu nahi izan dituzu?

Argi neukan letrak umeek kantatzeko modukoa izan behar zuela. Errepikak ere pegadizoa izan behar zuen, hitz joko batekin edo. «Hiru-miru-dirudigu». Eskolan ikasleek ideia zaparradan esan zituztenetatik abiatuta osatu ditut koplak. Bukaeran, «geroa sortzen da orain» leloa erabili dut, etorkizunera begira jarriz.

Nola definituko zenuke kantua?

Nik miru gorria hegan irudikatu nuen. Goitik begiratuta zer ikusiko duen imajinatzen nuen: talde lana, heziketa, lagunak, euskara, herria...

Zuretzat zer suposatu du kantu hau egiteak?

Proposamen polita izan da. Eskertuta nago proiektu honetarako nirekin kontatu izanagatik. Nik Otañon ikasi nuen txikitan, baina aisialdiko ordu asko pasa ditut Herrigunean. Inguruko jende askok Mendigainen ikasi du, eta gaur egungo guraso asko lagunak ditut. Hondar aletxoa jarri ahal izatea opari bat izan da niretzat.

Erlazionatuak

Herrigunearen erdigunean

Jon Miranda Labaien mai 17, 07:58 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!