Eskola Txikien Festa 2026

Herrigunearen erdigunean

Jon Miranda Labaien 2026ko maiatzaren 17a

Eskola Txikien Festa egingo dute ekainaren 14an Zizurkilen; landa eremuko hezkuntza komunitatea saretzeko balioko du.

Maiz elkartzen dira eskola txikietako ikasleak. Joan den apirilaren 24an, esaterako, Berazubi estadioan bildu ziren Gipuzkoako 28 eskola txikitako ikasleak. Eskola horietako gurasoek ere antolatzen dituzte topaketak elkar ezagutzeko, eta irakasleak askotan biltzen dira mintegietan euren jarduna partekatzeko. Ekainaren 14an Zizurkilgo Herrigunean egingo dutena, ordea, komunitate osoaren festa izango da. Eskola txikiak bizirik dirautenaren ospakizuna.

Zerk egin du eskola bat Eskola Txikien sareko kide? Ikasle kopurua baino gehiago, hezkuntza filosofiak. Hala uste du, behintzat, Irati Manzisidor Urbietak (Arroa, 1989) Eskola Txikietako irakasleen koordinatzaileak: «Ezinbesteko pieza dira landa eremuko herri eta auzoen biziraupenerako. Herriari begiratzen dioten eskolak dira; eskola herritarrak». Ez da kasualitatea hortaz, darabilten leloa: Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik

Izaera ireki eta parte hartzailea dute eskolok, eta ezinbestean jardun behar dute elkarlanean komunitatea osatzen duten gainerako eragileekin, herriko erakunde instituzional eta sozialekin, eta noski, baita familiekin ere. «Eskola txikiek eta haietan aritzen diren irakasleek lan egiten dute umeek herriarekiko erroak sor ditzaten; lotura estu horiek bermatuko dute, gerora, herri eta auzo horien etorkizuna». 

Eskola txikiak betidanik existitu badira ere, 1990eko hamarkadan hasi zen gaur egungo sarea egituratzen. Eskola txikiak zentralizatu eta ixteko arriskuaren aurrean, haietan aritzen ziren irakasleak elkartzen hasi ziren, landa eremuan kalitatezko hezkuntza eskaini zitekeela sinetsita. Handik gutxira sortu zen Gipuzkoako Eskola Txikietako Gurasoen Koordinakundea, eta hark ere sarea sendotzen lagundu zuen. Elkarri laguntzeko, ardatz metodologiko batzuk zehaztu zituzten, eta ordutik oinarri horiek indartzen eta praktikara eramaten saiatzen dira. 

Ikasleak aurreko urrian logoa aurkeztu zuten egunean.

Ardatz metodologiko hori konstruktibismoan dago oinarrituta, eta herri edo auzoarekiko lotura estuaz gain, ikaslea jartzen du erdigunean. Francesco Tonucci pedagogoaren filosofia hartu zuten eskola txikiek hezkuntza ikuspegiaren abiapuntutzat. «Hark dio, bereziki, azkenarentzat ona den eskola sortzea dela helburua», gogoratu du Manzisidorrek.

Eskola txikietan, beraz, haurraren begirada dago erdigunean. «Haurrak beren ikas-prozesuko protagonista izatea bultzatzen dugu; ikasleei ahotsa eman eta irakasleek haien beharrak entzuten dituzte. Jolasari eta naturari ere garrantzia ematen diegu, eta, ahal den guztietan, ikasleak eskolatik ateratzen dira inguruko natura-baliabideak ikaskuntzarako baliatzeko».

Irati Manzisidor Urbieta (EAEko Eskola Txikietako irakasleen koordinatzailea): «Gutxi izateak elkar zaintzeko aukera handiagoa eta begirunezko harreman bereziak sustatzeko bidea ematen digu»

Gehienetan, auzo eta herri txikia izateak horretarako aukera ematen die. Txikitasuna harro aldarrikatzen dute eskola hauek; kantitateari baino, gehiago begiratzen diote kalitateari. Txikitasunak, esaterako, ikasgela barruko adin-aniztasuna dakar, baina ezaugarri hori eragozpen baino aberastasun iturritzat dute: «Zortea da ikas-prozesuko une desberdinetan dauden ikasleak elkarrekin egotea. Gutxi izateak elkar zaintzeko aukera handiagoa ematen du, eta begirunezko harreman bereziak sustatzeko bidea irekitzen digu».

Erronka handiak

Txikiak izanagatik, erronka handiak dituzte. Manzisidorrek onartu du, neurri handi batean, eskolen erronkak lotuta daudela herriek dituztenekin. Jaiotza-tasaren jaitsiera orokortua da, herri handiagoetan ere nabari da, baina landa eremuan ondorio larriagoak izan ditzakeela uste du irakasleen koordinatzaileak. «Bertako gazteek herrian beren bizi-proiektua eraikitzeko dituzten aukerekin lotuta dago eskolen biziraupena ere: etxebizitza politikarekin, lehen sektorearen etorkizunarekin eta zerbitzuen mantentzearekin —tabernak, saltokiak, osasun zerbitzuak, garraioa…—».

Iazko ekainean, Ezkio-Itsason jaso zuen eskolak lekukoa.

Sare publikoan dauden ikastetxeak dira eskola txikiak. Gaur egun, administrazioarekin harreman «ona» dutela azpimarratu du Manzisidorrek. «Hala ere, etengabe ibili behar dugu ate-joka gure errealitatea kontuan har dezaten. Dekretu, formazio eta lege gehienak eskola handietarako pentsatuta daude; gu, berriz, ez gara neurri horietan kabitzen».

Irakasleen mugikortasuna da beste zailtasunetako bat: «Eskola txikietara etortzen diren irakasle berriek sarritan ez dute gure errealitatea ezagutzen, ezta gure lan egiteko modua ere. Horregatik, urtero ahalegin handia egiten dugu koordinaziotik irakasleak ikuspegi horretara erakartzeko».

Euskararentzat arnasgune diren eremuetan daude eskola txikietako asko, eta sareko kideek kezka dute beste hizkuntzek eremu horretan izan duten sarbidearekin. Joera horri aurre egiteko eskolak giltzarri izango direla uste du Manzisidorrek.

Sinetsita daude, hala ere, txiki askoren artean sare handi eta sendoa eraiki daitekeela. Hori aldarrikatzeko aukera izango da ekainaren 14an: «Eskola txikiak herri proiektuak dira, eta Zizurkilgoa gure biziraupenaren ospakizun izatea nahi genuke».

ABESTIA. Mendigain gainean hegan

Ikusi bideoklipa hemen.

Elkarren eta Loatzoren laguntzaz grabatu dute kantua.

Hiru miru dirudigu
zeruz zeru zoro eran
Hiru miru dirudigu
Mendigain gainean hegan

Itxi begiak, zabal besoak
zer ikusten da han goitik
gure lagunen babes goxoak 
hegarazten gaitu pozik.

Euri tantak zenbatzen eta
hodeien ertzak marrazten
ametsak ureztatzen eta
ezinezkoak ikasten.

Gure eskolako horma zaharrek
hitz egin ahalko balute
lehen lapurtzen zituzten hitzek
garena egiten gaituzte.

Nola eginez ikasten dugun
ibilian ibilian
gauza handiak egiten dira
gure eskola txikian

Hiru miru dirudigu
zeruz zeru zoro eran
Hiru miru dirudigu
Mendigain gainean hegan (BIS)
geroa sortzen da orain.

Ekainak 14, igandea

 

Egun osoko egitaraua, haurrak erdigunean dituena

Goizean, 10:30etan hasiko den harrera ekitaldiaren ostean, jolasak izango dira nagusi. «Eskola txiki ezberdinetako haurrak elkar ezagutzeko adinka banatutako jolasak berreskuratzeko proposamena egin zigun Gipuzkoako Eskola Txikien Koordinakundeak, eta entsegu modukoa izango da», aurreratu dute antolatzaileek. Dena den, eskola txikietatik ez datozen bisitarientzat ere izango dira alternatibak. 

Eguerditik aurrera, berriz, puzgarriak, plaza dantzak, erraldoiak eta tailer ugari izango dira herrigune osoan. «Aurrerago zehaztuko dugu baina hainbat eragile animatu dira tailerrak jartzera festa egunean, askotariko tailerrak izango dira haur eta ez hain haurren eskura». Ikuskizun lasaiagoak nahi dituenak ere aukera izango du, formatu txikiko ekitaldiak egingo baitira eskolan. 

Eta jai eguna Porrotx eta Marimototsen emanaldiarekin amaituko dute Intxaur frontoian kantuan eta dantzan. «Eskolen parte hartzea lotu nahi dugu emanaldi honetarako ere», azpimarratu dute.

Erlazionatuak

Bederatzi ahots Mendigaini

Jon Miranda Labaien mai 17, 07:59 Zizurkil

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!