Sekretu ofizialen legea indargabetzea eskatu dute Zizurkilen

Ataria 2026ko maiatzaren 11

Zizurkilgo Udalak apirileko osoko bilkuran Espainiako estatuan indarrean dagoen sekretu ofizialen legea indargabetzeko eskatu du, «egia jakiteko eskubidea oztopatzen duelako». 

«Egia jakiteak zauriak sendatzen hasteko lehen urratsa da», aipatu dute onartutako mozioan, Joselu Geresta herritarraren kasuari erreferentzia argia eginez. Idatziaren bigarren puntuan, hain justu, haren familiak eta gertukoek gertatu zitzaionaren inguruko egia jakiteko eskubidea dutela dio Zizurkilgo Udalak. Bidenabar, hitz eman du egia osoa argitara ateratzeko laguntza eta elkarlana eskainiko dizkiola familiari.

Auzia artxibatuta

1999ko martxoaren 20an hilda agertu zen Joselu Geresta zizurkildarra Zamalbiden. Suizidioarena izan zen hipotesi ofizala, eta hura zalantzan jartzen duten zantzuak egon arren, auzia artxibatuta dago 2000ko uztailetik. Ez da berriz ireki. 

Udalak mozioan dioenez, sekretu ofizialen legeak estatuaren «inpunitatea» sustatzen du. «Ez da Joseluren kasua soilik, asko dira egia lortu ezinik daudenak: Mikel Zabalza, Josu Zabala, martxoaren 3ko biktimak...». Legea indargabetzeko eskaera Espainiako memoria demokratikoaren ministeriora helaraziko dute orain.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!