Iaz hasitako bidetik, Zizurkilgo Herri memoria taldeak otsail-martxoan ekitaldi sorta bat antolatu du herrian. Estatuak eragindako sufrimenduaren memoria osoa aldarrikatzea da ekitaldien helburua.
Aurten, bizi dugun testuingurua aztertzeaz gain, bi gaietan jarriko dute azpimarra. Batetik, udalak eskatuta Aranzadi zientzia elkarteak egindako giza eskubideen urraketen txostena aintzat hartuta, Zizurkilen torturatu izan diren pertsonak batu nahi dituzte, urteetan ezkutatu den indarkeria horrek merezi duen aitortza eta erreparazioa eskatzeko. Bestetik, sekretu ofizialen legea aldatzeko eskaria berretsiko dute; lege horrek oztopatzen du Joxelu Geresta Totto zizurkildarrari eta beste hainbati gertatutakoa argitzea.
«Bada garaia egia jakiteko», esan dute taldeko kideek. «Euskal Herriak azken hamarkadetan bizi izan duen indarkeriak baditu hamaika ertz. Egia guztiak, errelato guztiak ezinbestekoak dira aurrera egin nahi badugu. Argi dago, ordea, Espainiar estatuak ez duela interesik zenbait egia argitara ateratzeko». Zizurkilgo herri memoria taldetik, uste dute herritik bertatik sustatu behar dituztela memoria osoaren aldarrikapena, «guk kontatu behar diegu ondorengoei herri honetan gertatua, gure kasuan, Zizurkilen».
Herri memoria: Hegitik Egiara izenburupean honako ekitaldiak antolatu dituzte aurten:
- Otsailaren 25
- 19:00. Atxulondo kultur etxean: Faxismoa gaur: “Taupada atzerakoiari nola aurre egin hitzaldia, Iker Eizagirren eskutik.
- Otsailak 28
- 11:30. Urkamendin Hegitik Egiara ekitaldi nagusia. *Eguraldi txarrarekin zimiterioan egingo da
- 12:30. P.M. Otaño plazan, Zizurkilgo torturatuen sarearen aurkezpena eta agerraldia
- Martxoak 12
- 19:00. P.M. Otaño plazan, Zer gertatu zen 1999ko martxoaren 19ko gau horretan? lelopean, sekretu ofizialen legea aldatzeko eta Ttottoren kasuaren egia eskatzeko elkarretaratzea.