Oroimen historikoa eta gertukoa aztertu ditu Aranzadik Zizurkilen

Ataria 2025eko abenduaren 17a

'Oroimena eta giza eskubideak Zizurkilen' lana aurkeztuko du gaur Javi Buces ikerlariak Atxulondo kultur etxean 18:30ean.

Zizurkilgo Udalak 2021ean abiatu zuen, udalbatza osoaren adostasunarekin, memoria historikoaren inguruko ikerketa eta urteotan Aranzadi zientzia elkartea aritu da herriko artxiboak eta dokumentazioa aztertzen eta lekukotzak biltzen. Emaitza, gaur arratsaldean Atxulondo kultur etxean erakutsiko dute, 18:30ean, eta Javi Buces Aranzadiko ikerlaria arduratuko da azalpenak emateaz.

Gaur aurkeztuko duten txostenean bilduta daude 1936tik hona Zizurkilgo herritarrek pairatu dituzten giza eskubideen urraketa guztiak, haiek identifikatzea eta aitortzea izan baita ikerlanaren helburua. Ikuspegi «integrala» landu du Aranzadik horretarako eta bi arlotan banatu du azterketa: oroimen historikoa 1936tik 1959ra artekoa; eta gertuko oroimena, 1960tik gaur egun artekoa.

Udalaren esker ona

Maite Amenabar alkateak nabarmendu du herritarrek jasandako giza eskubideen urraketa guztiak ezagutu eta aitortzeko konpromisoa hartu zuela udalbatzak duela lau urte, modu bateratuan: «Oroimen kolektiboari zor diogun ariketa da, eta garrantzitsua da edozein indarkeria iturri edo testuingurutan gertatutako sufrimenduak ere ikusgarri egitea. Hori posible da Aranzadiren lanari eta prozesuan jasotako ekarpenei esker». 

Gaur arratsaldean Bucesek eskainiko duen hitzaldian ikerketaren emaitzak ezagutzera eman eta azterketa egiteko urteotan eraman duten prozeduraren metodologia azalduko du; horrekin batera, jasotako giza eskubideen urraketen tipologiak aurkeztu eta jendaurrean ondorio nagusiak erakutsiko ditu.

Herritarrentzat doako ekitaldia izango da gaurkoa eta Amenabarrek herritar guztiak gonbidatu ditu bertara. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!