ELKARRIZKETA

«Biktimek erreparazio eskubidea dute, eta gizarte osoak egia jakitekoa»

Jon Miranda Labaien 2025eko abenduaren 17a

Argazkia: Aranzadi zientzia elkartea

Zizurkilen Aranzadi zientzia elkarteak egin duen ikerketaren emaitzak aurkeztuko ditu Javi Buces ikerlariak gaur arratsaldean.

1936tik gaur egun arte zenbat giza eskubideen urraketa izan dira Zizurkilen?

Aranzadin bi epe bereizten ditugu: oroimen historikoa 1936tik 1959ra artekoa eta gertuko oroimena 1960tik gaur egunera artekoa. Lehenengo epean giza eskubideen 97 urraketa dokumentatu ditugu eta bigarrengoan 55. 

Zeintzuk dira urraketa esanguratsuenak?

Ikerketan giza eskubideen urraketen tipologia guztiak biltzen ditugu, erailketak, torturak, espetxeratutakoak, desagertutakoak... Aipatzekoa da, 36ko gerran Belkoaindik Andazarratera Saseta Defentsa Sistema eratu zela eta han gudari asko hil zirela faxismoaren kontra borrokan. Gertuko oroimenari dagokionean, asko dira torturatuak Euskal Herrian baina gutxi torturen ondorioz eraildakoak eta horietako bat da, hain zuzen, Joxe Arregi zizurkildarra. Bukatzeko, aipatuko nuke argitzeko dagoela Joxelu Gerestaren kasua; 1999an hilda agertu zen Errenterian, suizidioa argudiatu zuten, baina oraindik argitzeko dago zer gertatu zen harekin. 

Zergatik da garrantzitsua giza eskubideen urraketa hauek guztiak biltzea?

Naziortean adostuta dago egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea dutela biktima guztiek. Lehenengo printzipio horretan eragin nahi dugu guk: egia jakin nahi dugu. Justizia egiteko eta erreparazio ekimenak egiteko ezinbestekoa da lehenengo pauso hori. Txosten honetan agertzen dira izen-abizenekin urraketak sufritu dituzten zizurkildar guztiak. Haiek eskubidea dute erreparaziorako baina gizarte osoak ere badu egia jakiteko eskubidea. Horrela jasota dago Memoria Historikoaren Legean: eskubideak bete egin behar dira. 

Non jaso duzue lan hau egiteko dokumentazioa?

Alde batetik, historialarien lana egiten dugu; Zizurkilgo artxiboan hasi eta gero artxibo probintzialak eta estatalak kontsultatu ditugu. Paraleloki testigantzak ere jaso ditugu: biktimek beraiek edo haien gertukoek helarazi diguten dokumentazioarekin osatu ditugu fitxak. Datu pertsonalak, urraketa mota eta frogaren elementuak biltzen ditu biktima bakoitzaren fitxak. Aipatu beharra dago Aranzadikoak ez ginela hutsetik hasi, Zizurkilen Hernandorena kultur elkarteak aurretik lan handia egina zuen urraketa horiek biltzen. 

Txosten honen aurkezpenak dibulgaziorako balioko du?

Modu batera bai. Jakina den bezala Aranzadik lanketa hau egina du beste hainbat herritan eta azterketaren emaitza guztiak webgune batean bildu izan genituen. Polemika baten ondorioz itxiarazi egin zituzten atari horiek guztiak. Guretzako galera handia izan da, webguneak tresna indartsua baitira gure lana dibulgatzeko eta aukera ematen digutelako etengabe eguneratzen joateko. Ez dugu esperantza galduko. Bahi genuke laster erradiografia hori erakusteko horrelako gune bat eduki ahal izatea baita Zizurkilen ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!