Gehigarria: Gastronomia

Edonorentzako moduko etxea

Ataria 2025eko azaroaren 10a

Izaskun Aizpuruak eta Felix Gerestak 2009an hartu zuten Zizurkilgo Herriguneko Iriarte Jatetxea kudeatzeko ardura, hiru urtez itxita egon ondoren. 

Lehenik, hamar urterako hitzarmena egin zuten udaletxearekin, baina dagoeneko hamasei urte daramatzate. Gustura daude, eta nabarmendu dute Zizurkilgo Herrigunea leku lasaia eta herrikoia dela.

Askotariko eskaintza daukate, baina, menuak dira jatetxearen indargune, batez ere, egunekoak. Eta plater gustagarriak prestatu ez ezik, kalitatezko zerbitzua ematen dute. Ostalaritzan garrantzi handia du horrek, ondo kozinatzeak bezain beste. Bezeroen gainean egon behar dela nabarmendu du Aizpuruak, eta esan du gaur egun zaila dela, oso zorrotzak direlako. Egunero dago zabalik. Astegun eguerdietan, eguneko menua eskaintzen dute, 19,50 euroren truke. Larunbat eta igande eguerdietan, asteburuko menua –gauetan ere– eta karta eskaintzen dituzte. Asteburuko menuaren prezioa 38,50 eurokoa da oraingoz, baina datorren urtean garestitu daiteke. Azkenik, menu itxiak ere izaten dituzte; moldagarriak dira, eta aurrez adosten dituzte bezeroekin, aurrekontuaren arabera. Pedro Mari Otaño Herri Eskolako haurrei ere eskaintzen diete jangela zerbitzua egunero, ikasturte osoan zehar.

Eguneroko menuan bost edo seina aukera izaten dira lehen eta bigarren plateretarako. Batik bat, inguruko enpresetako langileak joaten dira eguneko menua jatera; batzuk, egunero. Mugimendu handiko egunetan, udaberrian eta udan esaterako, 100-120 menu ematen dituzte egunean; udazken-neguan, gutxiago, 90 inguru. Udan bi txanda egiten dituzte; lehenengoan, langileek jaten dute, eta bigarrenean, familiek. Gauez, batez ere, herritarrak joaten dira jatetxera. Plater konbinatuak eta ogitartekoak jateko aukera izaten dute.

Eta eskaintza osoan, bertako ekoizleen garaiko produktuak izaten dituzte. Arkumea edo txekorra, adibidez, denboraldian bakarrik izaten dute. Dagoeneko onddo eta babarrunak kozinatzen hasiak dira, eta udazkeneko hilabeteetan ehizako animaliak ere kozinatzen dituzte, batez ere, usoa.

  • Helbidea. Pedro Mari Otaño 1 (Zizurkil)
  • Ordutegia. Egunero: 08:00-00:00 (ostiral, larunbat eta igandeetan, beranduago ixten dute).
  • Telefono zenbakiak. 943 692 537 edo 652 745 879
  • E-posta. iriartejatetxea@hotmail.com
  • Instagram. @iriartejatetxeazz

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!