Torturaren aurkako mozioa onartu du udalak

Ataria 2025eko martxoaren 26a

Mikel Egibarren kasua aitortu eta tortura kasuen espedienteak azkartzea eskatu du Zizurkilgo udalbatzak.

Zizurkilgo Udalak elkartasuna eta babesa adierazi dio Mikel Egibarri eta gainerako torturaren biktimei eta adierazi du haiek badutela orain arte ukatu zaien egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea. Aldi berean, udalbatzak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio azkartu ditzan aitortza eskatu duten torturatuen espedienteak, horretarako baliabideak jarrita. Gainera, udalak torturaren eta tratu txarren aurkako jarrera irmoa adieraztearekin batera, giza eskubide guztien aldeko konpromisoa agertu eta bere esku dagoen guztia egingo duela esan du, kasuen erreparazioan eta justizia bilaketan laguntzeko. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin eta PSE-EEren kontrakoarekin onartu du Zizurkilgo Udalak adierazpena.

Mikel Egibar zizurkildarrak joan den hilean udalbatzan aurkeztu zuen bere kasua –Hegitik Egiara ekimenaren berri ematerakoan ere aritu zen bere kasuaz Su txikiak irratsaioan–. Berea da Eusko Jaurlaritzak udalerrian aitortu duen lehen torturatua eta, mozioan jaso dutenez, gainerako kasu gehienak aitortu gabe daude. Joxe Arregi zizurkildarrarena da horietako bat: Auzitegi Gorenaren epai batek berretsita dauka bere heriotzaren arrazoia, baina oraindik ez dute torturatu bezala aitortu. Maite Amenabar alkatea: «1981ean hil zuten torturapean Arregi. Hamarkada batzuk igaro diren arren, oraindik ez da justizia egin berarentzat, ezta torturaren biktima askorentzat ere. Arregiren kasua hainbeste pertsonak jasan duten sufrimenduaren sinbolo da, eta ezin dugu onartu erreparaziorik gabe geratzea».

Alkatearen hitzetan «funtsezkoa» da torturaren biktima izan diren pertsona guztien aitortza: «Beharrezkoa da torturaren biktimak aitortzea eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubidea bermatzea. Udal gisa, gure bizilagunei aitortzaren eta memoriaren aldeko borroka honetan laguntzeko betebeharra dugu. Ezin dugu onartu biktimen sufrimendua ahaztuta geratzea. Mikel Egibar bezala, beste askok eta askok ere torturak eta tratu ankerrak jasan dituzte, oraindik aitortu ez diren arren. Zizurkildik, torturatuen memoria aldarrikatu nahi dugu, eta eskatzen dugu errekonozimendua ez dadila baliabideen erabilgarritasunaren menpe egon, justizia egiteko borondatearen menpe baizik».

Adierazpena Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideen Sailari helarazi dio udalak, baita Mikel Egibar herritarrari ere.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!