Larunbatean, hilaren 14an, jokatuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finala eta txartela lortzetik zortzi puntura geratu da Unai Mendizabal zizurkildarra. Egindako txapelketari buruz elkarrizketa egin dio Imanol Artola Felix gai jartzaileak Ataria Irratiko (H)ari naizela saiorako.
Finalaren astean gaude. Nahiz eta finalean ez abestu, aste berezia izaten jarraitzen al du? Ala txapelketa egunerokotik iraganera pasa da?
Bertsozale guztientzat norberaren lurraldeko finalaren astea berezi samarra da, ilusio eta jakin-min horrekin nago eta noski dela aste berezi samarra. Lasai nago, nire lanak egin ditudalako; eta finala ikusteko gogoz.
Egindako txapelketarekin gustura geratu zara ala geratu zaizu arantzatxoren bat?
Oso gustura geratu naiz egindako lanarekin. Konforme eta lasai. Beti geratzen da hari solteren bat... Bat-batekotasun horretan dena ez da nahi bezala ateratzen, baina egindako txapelketarekin oso konforme eta pozik nago.
Txapelketaren aurretik bertsotan «gustura» aritu nahi zenuela esan zenuen. Nola sentitu zara txapelketan zehar?
Hobeto sentitu naiz aurreko txapelketan baino. Bertsotan egin bai, baina bertsoa erabat kontrolpean izan gabe aritu nintzen. Oraingo honetan, berriz, bertsoa bera kontzienteago eraman dut eta gehiago ikusi dut. Bete lanean ere arreta handiagoa jarrita ibili naiz eta nire burua ere erosoago eta plazaz gehiago disfrutatzen sumatu dut. Duela bost urteko txapelketatik honetara aurrerapauso bat izan da hori eta, batez ere, egindako lanaren ondorio izan da. Azkenean, astero bertso eskolan biltzen denboratxoa neraman eta txapelketa honen harira askotan bildu gara, orduak pasa ditugu eta bertso asko kantatu dizkiogu erratzaren kirtenari. Nik uste hori nabaritu dela eta poz horrekin nago. Nire burua oholtzan gustura sumatu dudanaren ustearekin, behintzat.
Noiz hasi zara txapelketarako prestatzen? Udaberrian besteei laguntzen aritzeak balio izan al dizu martxa hartzeko?
Txapelketa baino lehenago, errutina hartuta eta gustatzen zaigulako eta ondo pasatzen dugulako, lagunartean elkartzeak dakarren gozamen horrengatik... Astero elkartzen ginen bertso eskolan. Tarteka hutsik ere egingo genuen, baina mantendu dugu. Txapelketa etorri eta oihartzuna pizten hasi zenerako martxan geunden. Eta txapelketa prestatze horretan maizago bildu gara, gehiago aritu gara... Esango nuke prestaketa luze joan dela, horretan ari ginela jabetu gabe ere.
Aurreko txapelketan egindakoa hobetzea zenuen helburu; ez, ordea, finalera sailkatzea. Finalerdietara sailkatzea bai eta, horrela, Euskal Herriko txapelketarako txartela lortzea.
Hori da, eta gustura nago. Jarritako helburua beteta dago. Finalaurrekoetara sartu naiz eta horraino iristeari garrantzia ematen diot, noski. Datu objektiboa hori delako. Garrantzia ematen diot, ordea, oholtzan sentitu dudanari ere. Bertsotan nola sentitu naizen, nola lanean, ideiak ekartzeko garaian... Lehen esan bezala, hor aurrerapauso bat egon dela iruditu zait, eta txapelketa gustu handiagoz bizi izan dudala eta plazan gustura egon naizela. Kontzienteago ere bai.
Gogoan dut duela bost urteko txapelketan, Arrasaten finalaurrekoetan abestu nuela eta, beharbada, nik oholtzan izan dudan esperientziarik eskasena izan nuela. Oso urduri, agurretik ere ahotsa eztarrira ekarri ezinik eta... Gai bat gaizki ulertuta... Zerbait defendatu nuen, baina horixe, defendatu bakarrik. Zarauzko finalaurrekoan, berriz, askoz ere gehiago disfrutatu nuen oholtzaz, giroaz, bertsotarako lagunez eta bertsoaz, orokorrean.
Eta sailkapenari begira, hamargarren geratu zara. Zarauzko saioa bukatutakoan bazenekien ia matematikoki kanpoan zinela, baina, azkenean, hamargarren. Eta finala zortzi puntura geratu zaizu. Ez dakit hori sari bezala ikusten duzun, penatxoren bat geratu zaizun...
Finala ez dut behin ere helburutzat jarri eta finalaurrekoaren aurretik ere nire burua ez nuen finalean ikusten. Iruditzen zitzaidan beste batzuk ari zirela ni baino hobeto. Hamargarren postu horrekin oso gustura nago. Hain gertu ikusten duzunean ilusiotxo bat ere pizten da, egia da hori. Ilusioarekin batera pizten da ardura bat eta —ez dut ukatuko— beldur puntu bat ere bai. Finala nire buruan imajinatzea kosta egiten zait eta irudikatu dudan apurretan ardura, errespetua eta beldur puntutxoren bat ere eman dit.
Elkarrizketa osorik entzungai Ataria Irratiko (H)ari naizela saioan.