Zizurkilgo San Millan elizan eta 150 gonbidaturen aurrean erakutsi dute gaur Ombuaren itzala, Pello Mari Otaño herritarraren bizitzan oinarritutako filma. Aurrestreinaldian izan dira Patxi Bisquert proiektuaren zuzendaria eta baita filmean aritutako hainbat aktore, tartean, Otañorena egiten duen Joseba Usabiaga tolosarra ere.
Pelikula eskaini aurretik Bisquertek esan du amets bat bete duela gaur eta eskerrak eman dizkie auzolanean proiektua babestu duten guztiei. Dozena bat urte dira egitasmoa martxan jarri zutela eta zuzendariak esan du Zizurkilgo Udalak beti bultzatu duela proiektua. «Konplikatua izan da baina azkenean lortu dugu».
Otañoren osabaren, Joxe Bernardoren papera jokatu du filmean Anjel Mari Peñagarikano bertsolariak eta filma hasi aurretik bi bertso bota ditu. «Ombuaren itzala ederki kosta da baino, hainbat arrazoi izan eta gero, heldu da estreinoraino, herriak jakin behar du zein zen Pedro Maria Otaño», esan du aurrenekoan Peñagarikanok.
Otaño herritarraren bizialdia jasotzen du filmak eta Euskal Herria eta Argentina artean filmatu dute. Zizurkilen ere grabatu zituzten zenbait pasarte, besteak beste, gaur pelikula estreinatu duten San Millan elizan edota udaletxe atarian. Hainbat zizurkildarrek parte hartu dute figurante gisa Ombuaren itzala filmean eta Mitxelenaren paperean jardun du, esate baterako, Hodei Arrastoa herriko aktoreak. Oihana Iguaran bertsolariak ere jokatzen du paper txiki bat filmean.
Gaurko emanaldiaren ostean jan-edanak eskaini dituzte elizako zimiterioan. Udalarekin batera, Otañoren pelikularen proiektuan hasieratik hartu du parte Hernandorena kultur elkarteak eta haien eskutik joan da gaurko estreinaldiaren antolaketa ere.
Hemendik aurrera herriz herri
Zizurkilgo Herrigunean egin duten aurrestreinaldiaren ostean, Villabonako Gurean proiektatuko dute Ombuaren itzala, abenduaren 6an, 7an, 8an eta 9an –19:30ean izango dira emanaldi guztiak eta, abenduaren 7koan, beste saio bat eskainiko dute 22:00etan–. Auzolan proiektua babesteko bonua erosita daukatenek doan izango dute sarrera eta, gainerakoek, 4 euroan erosi ahal izango dute txartela.
Hika txakolindegian ere aurkeztuko dute filma abenduaren 12an eta, handik aurrera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute.