Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2024

«Txapelketa enigmatikoa izango dela iruditzen zait»

Josu Artutxa Dorronsoro 2024ko ira. 11a, 11:57

Behetik gora datorren bertsolaria da Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarra. 2015 eta 2017 artean bertso sariketa ugaritan hartu zuen parte eta hainbat garaipen lortu zituen. 2017an bertan, Gipuzkoan Taldekako Txapelketa irabazi zuen. 2019ko Gipuzkoako txapelketan ez zuen finalera iristerik lortu, baina 2022ko Txapelketa Nagusirako txartela eskuratu zuen.

Larunbat honetan emango dio hasiera txapelketari. Urretxuko Labeaga aretoan kantatuko du, 17:00etan hasiko den final zortzirenetako saioan, Andoni Rekondo, Ane Zuazubiskar, Antton Aizpurua, Jon Gurrutxaga eta Mikel Iturriotzekin batera.

Zer moduz zaude txapelketa hasi aurretik?

Prestakuntza aldetik, bertso eskolan nahikoa arituta nagoela esango nuke. Duela bi urtetatik, astean behin biltzeko ohiturari eusten diogu, eta horrek laguntzen du. Udara aurretik oso ondo sentitzen nintzen, bertsotan nahikoa egindako sentsazioarekin. Udaran, beti, geldialdi txiki bat egiten dugu, baina orain, txapelketaren aitzakian, berriro ekin diogu lanari. Gogotsu nago, Gipuzkoan bertsolaritza barrutik bizi dugunok elkartzeko garaia izaten delako.

Zer erakutsi nahiko zenuke larunbatetik aurrera?

Sentsazioa dut duela lau urteko txapelketan eta ondoren jokatu zen txapelketa nagusian ere, urduritasunagatik edo, bertsotan ez nintzela horren gaizki aritu, baina bertsoa bera ez nuela behar bezain garbi ikusten non eta nola nindoan, kantatzen ari nintzela, baina ez behar bezala alegia. Pilotu automatikoari esker aurrera egiten nuen, bertsoaldia salbatuz, baina erabat kontrolatu gabe. Hortaz, aurten, kontzentratuago aritu nahi dut bertsotan, uneoro zein tokitan noan jakinik eta bertsoaldia kontrolatuago eramanez.

Zein izango da zure helburua aurtengo txapelketan?

Gustura aritu nahiko nuke. Bestetik, beti nahi izaten dugu lehen egindakoa edo lortutakoa baino gehiago. Ez dut esango helburua denik, baina aurreko edizioan bezala, txapelketa nagusira sailkatu nahi dut.

Nolako txapelketa izango dela uste duzu?

Txapelketa nahiko enigmatikoa izango dela iruditzen zait. Aurten txapelketan ariko diren bertsolari asko gazte sariketak irabazitakoak dira, eta aipatu behar da oso ondo egiten dutela bertsotan. Beste kontu bat da, txapelketak dakarren testuinguruan, presioa kudeatzen jakin behar dela.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!