Bertan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa; datorren larunbatean, irailaren 14an, izango da lehen saioa Urretxun. Eskoriatzako Apotzaga auzoan egin zuten aurkezpena atzo, Almen bertso eskolaren biltzeko tokian, bertso eskola horren sorreraren 50. urteurrena aitzaki hartuta.
Eskualdeko lau bertsolari ariko dira txapelketan; Beñat Iguaran Amondarain amasarra, Iñigo Gorostarzu Etxebeste berastegiarra eta Unai Mendizabal Jauregi zizurkildarra ariko dira lehenik, eta final laurdenetan Amasako Oihana Iguaran Barandiaran batuko zaie.
Tolosaldeko lau gai-jartzailek eta epaile batek ere parte hartuko dute aurtengo edizioan: Igotz Alkorta Irastorza zizurkildarra, Imanol Artola Arretxe Felix amezketarra, Iker Iriarte Iribar alegiarra eta Ion Zaldua Brit billabonatarra ariko dira gai-jartzaile; Zigor Leunda Eizmendi tolosarra, berriz, epaile izango da.
Atzoko aurkezpenean Eskoriatza zergatik aukeratu zuten azaldu zuen Alegiako Mikel Artola Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzaileak: «Apotzagan elkartzeak aukera ona eskaintzen digu azken 50 urteotan bertso-eskolek izan duten garrantziaz pentsatzeko. Gaur egun ez dago bertso-eskolarik gabeko txapelketarik, ez da inor egongo txapelketara bertso-eskolatik pasa gabe joango denik».
Bertso eskolen garrantzia aitortuz, duela 50 urte aitzindari izan zirenen lana eskertu zuen: «Guri zaletasun bat transmititu ziguten, hitzarekiko pasio bat, bertsoarekin gozatzen ikasi genuen». Zaletasunaz gain, talde izaera ere transmititzen dituzte bertso eskolek eta horixe da, hain zuzen ere, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak izan nahi duen izaera.
FASEAK ETA SAILKATZEA
Berrogeita bi bertsolarik jokatuko dute final-zortzirenetako fasea, zazpi saiotan banatuta. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da final-laurdenetara, baita puntu gehien batzen dituzten hamazazpi bertsolariak ere. 2019ko txapelketan finalera sailkatu ziren eta aurten izena eman duten sei bertsolariekin osatuko dira final-laurdenak. Fase hori hogeita hamar bertsolarik jokatuko dute, bost saiotan banatuta. Saio bakoitzeko irabazlea zuzenean igaroko da hurrengo fasera, eta puntu gehien eskuratzen dituzten hamahiru bertsolariekin osatuko dira finalaurrekoak.
Final-laurdenetatik sailkatutako hemezortzi bertsolariak lehiatuko dira finalerdietan, hiru saiotan banatuta. Finalaurreko bakoitzeko irabazlea zuzenean pasatuko da finalera, eta puntu gehien batzen dituzten bost bertsolariekin osatuko da.
GAZTE ONENARI, SARIA
Aurkezpenean eskualdeko bertso eskoletako gaztetxoek presentzia izan zuten: koordinatzailearen hitzartzearen ondotik, Denbagoieneko bertso eskoletako haurrek koplak abestu zizkieten txapelketan parte hartuko duten bertsolariei. Aurkezpenak bezala, txapelketak berak ere egin nahi dio aitortza belaunaldien arteko transmisioari, eta horixe da aurtengo azken berrikuntza: 25 urtetik beherako bertsolari onenari saria. Txapelketan parte hartuko duten 48 bertsolarietatik 10 daude adin tarte horretan, eta horietako batek jasoko du saria, finalaren egunean, abenduaren 14an.
Atzokoan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako sintonia ere aurkeztu zuten. Trigger musikariak egin du, doinu tradizionalak eta musika elektronikoa nahastuz. Dena dago prest beraz, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa hasteko. Sarrerak bertsosarrerak.eus atarian daude eskuragai.
KANPORAKETAK
Final zortzirenak
-
Urretxu. Irailaren 14an, 17:00etan, Labeaga aretoan. Zizurkilgo Unai Mendizabal ariko da.
-
Lasarte-Oria. Irailaren 15ean, 17:00etan, Manuel Lekuona kultur etxean.
-
Lazkao. Irailaren 21ean, 17:00etan, Areria aretoan. Amasako Beñat Iguaran Amondarain eta Berastegiko Iñigo Gorostarzu Etxebeste izango dira.
-
Elgoibar. Irailaren 22an, 17:00etan, Herriko Antzokian.
-
Hondarribia. Irailaren 28an, 17:00etan, Itxas Etxea auditorioan.
-
Andoain. Irailaren 29an, 17:00etan, Bastero kulturgunean.
-
Azpeitia. Urriaren 5ean, 17:00etan, Soreasu antzokian.
Final laurdenak
-
Eibar. Urriaren 19an, 17:00etan, Coliseo antzokian.
-
Errenteria. Urriaren 20an, 17:00etan, Lekuona Fabrikan.
-
Azkoitia. Urriaren 26an, 17:00etan, Baztartxo antzokian.
-
Irun. Urriaren 27an, 17:00etan, Ficobako Auditoriumean. Oihana Iguaran Barandiaran izango da.
-
Tolosa. Azaroaren 3an, 17:00etan, Leidor aretoan.
Finalaurrekoa
-
Oiartzun. Azaroaren 17an, 17:00etan, Elorsoro kiroldegian.
-
Zarautz. Azaroaren 24an, 17:00etan, Aritzbatalde udal kiroldegian.
-
Arrasate. Abenduaren 1ean, 17:00etan, Uarkape pilotalekuan.
Finala
-
Donostia. Abenduaren 14an, 17:00etan, Ilunbe zezen-plazan.