Zizurkil Elbarrenako jaiak 2024

Aiztondo Neskidekoek eman diote hasiera festari

Ataria 2024ko ira. 5a, 11:57

Zizurkilgo Elbarrenan jaiak ospatuko dituzte datorren astelehenera bitarte; atzo bota zuten txupinazoa, eta gaur gauean, besteak beste, bertso saioa izango da elizan.

Aurreko asteburuan bertso afaria eta ibilgailu klasikoen erakustaldiaren ostean, kros mistoaren biharamunean abiatu ziren atzo Zizurkilgo Elbarrena auzoko festak. Txupinazoa Aiztondo Neskide taldearen eskutik joan zen atzo iluntzean.

Zizurkilgo festa batzordeak Aitzondoko nesken kirol taldea omendu nahi izan du eta berdintasunaren alde egiten duten lana eskertu. Melokotoiak hitz egin zuen festa hasierako taldean eta nabarmendu zuen Aiztondo Neskidek hirugarren denboraldia hasiko duela ikasturte honetan: «Neskei kirol ibilbidea taldean egiteko aukera eskaini nahian sortu zen, futbolean eta boleibolean emaitza ezin hobeak lortzen ari dira».

270 kidek osatzen dute taldea gaur egun eta atzo horietako asko izan ziren Joxe Arregi plazan festen hasierako ekitaldian. Neskide taldeko lau kidek hartu zuten hitza eta eskerrak eman zizkioten festa batzordeari haiekin akordatzeagatik. Esker ona luzatu zieten baita Aiztondoko udalei, babesleei eta Danena eta Billabona kirol taldeei ere, «agertu diguten eskuzabaltasunagatik iritsi gara honaino».

Txupinazoa bota aurreko hitzartzean herriko emakumeentzako deia luzatu zuten Neskide taldekoek: «Ez gaude bakarrik, ez gara bakarrak, bailran hainbat eta hainbat talde daude emakumeen ahalduntzea bultzatzen. Neska, nerabe, haur, adineko. Izan ausartak, lotsak alde batera utzi eta atera mendira, kalera, frontoietara, zelai edota errepidetara. Bakarka, binaka edo tropelean gozatu kirolaz eta kirolarekin». Errespetuz eta elkar zainduz festak ospatzeko deia luzatuz eta baloiak publiko artera botaz egin zuten keinua Neskidekoek eta txupinazoa leherraraziz abiatu zituzten Elbarrena auzoko festak.

Egitarau oparoa prestatu du festa batzordeak eta bihar espero dute jende gehien, Nikotina eta Esne Beltzaren kontzertu izango baita gauean. Astelehenera arte, Arantzazuko amaren egunera bitarte luzatuko dira jaiak.

Gaurko egitaraua:

    • 17:30. Buruhandiak Joxe Arregi plazan.
    • 17:30. Marrazki lehiaketako erakusketa.
    • 18:00. Marrazki lehiaketako sari banaketa.
    • Ondoren. Bingo musikatua.
    • 19:30. VIII. Patata tortilla lehiaketa.
    • 20:45. Patata tortilla lehiaketako sari banaketa. Lehiaketan egindako tortillak jateko mahaiak eta aulkiak egongo dira plazan.
    • 22:30. Bertso saioa elizan: Miren Artetxe, Joanes Illarregi, Oihana Iguaran eta Aitor Sarriegi. Gai-jartzailea: Igotz Alkorta.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!