ELKARRIZKETA

«Beharrezkoa da minbiziaren arloan ikerketak egitea»

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 20a, 11:59

June Gurrutxaga Navas ikerlaria. J.M.

Onkologia molekularraren arloan ari da lanean eta doktoretza tesia prestatzen ari da June Gurrutxaga Navas ikerlaria; beka eman diote bere ikerlanarekin jarraitzeko.

Joan den apirilaren 26an Donostian egindako ekitaldian jaso zuen June Gurrutxaga Navasek (Zizurkil, 1999) minbiziaren inguruko ikerketa proiektuak laguntzeko Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak ematen duen beketako bat. EHUn doktoretza egiten ari da eta Biogipuzkoa Osasun Ikerketa Institutuan odoleko minbizia artatzeko CAR-T terapia aurreratua nanopartikulen bitartez nola hobetu ikertzen ari da.

Zorionak. Zer suposatzen du zuretzat beka hau jasotzeak?

Eskerrik asko. Poz handia eman dit beka jasotzeak. Orain arte iruzurgilearen sindromea deitzen zaion hori izan dut. Galdetu izan diot neure buruari: «Zer egiten dut nik mundu mailan aitzindaria den ikerketa batean?». Beka jaso ahal izateko zure curriculuma baloratzen dute eta baita aurkeztu duzun proiektua. Ikerketak merezi ote duen, berritzailea ote den, anbiziotsua baina aldi berean egingarria... Hori guztia kontuan hartu eta beka eman badidate merezi dudalako izango da. Zorteduna sentitzen naiz ikertzaileona ez baita lan erraza. Nik urtebete behar izan dut beka lortzeko eta bitarte honetan Biogipuzkoa zentrotik jaso dut laguntza doktoretzarekin hasteko. Babes horrek jarraituko du gainera; bekarekin, lau urtetan banatuta, 95.298 euroko saria jaso dut orain, baina zentroak hileroko soldata osatzeko ekarpena ere egingo digu doktoregaioi.



Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak emandako beka izanik ardura handiagoa sentitzen duzu?

Baietz esango nuke. Biogipuzkoan garatzen ditugun proiektuetako asko elkarte boluntarioen eta herritarren ekarpenekin finantzatzen dira. Nahiago genuke erakunde publikoek ikerketarako behar den diru guztia jarriko balute, baina ez da gertatzen. Minbiziaren Aurkako Elkarteak ematen duen beka jendearen ekarpenekin osatutakoa da eta horregatik balio berezia hartzen du. Tarteka gerturatzen zaizkigu zentrora egiten dugun lana ezagutzera, eta elkarteko kideek esker ona adierazten digute. Gure lana aitortzen dutela ikusten dugu. Horrelakoetan egoera pertsonal larriak ezagutzen ditugu eta pazienteekin dugun harreman horrek balio digu egiten ari garen lanak zertarako balio duen ikusteko.

 

«Pazienteekin dugun harreman horrek balio digu egiten ari garen lanak zertarako balio duen ikusteko»



Zenbateko hoztasuna behar du zientzialariak?

Beharrezkoa du distantzia, bestela ezinezkoa litzatekeelako gure lana. Gure egunerokoari distantziarekin begiratu behar diogu, begirada altxa eta testuinguratu egin behar dugu egiten ari garena. Koloretako bi likido nahasten ari zara erabat kontzentratuta, arreta handiarekin, baina jakin behar duzu egiten ari zaren horrek balio duela etorkizunean norbait sendatzeko.



Zergatik erabaki duzu arlo onkologikoan lan egitea?

Nik Biomedikuntza ikasi nuen eta nahiko argi neukan minbiziaren arloan lan egin nahi nuela. Minbizidun zelula barruan ematen diren mekanismoak aztertzea gustatu zitzaidan. Gainera, geroz eta minbizi gehiago dago eta iruditzen zait behar-beharrezkoa dela minbiziaren arloan ikerketak egitea.

CART-T izeneko terapia aurreratua hobetzeko lanean oinarritzen da zure proiektua.

Gaur egun odoleko minbiziaren aurkako terapia hau hobetzen saiatzen ari gara. CAR-T izena du, boladan dagoela esan liteke. Terapia aurreratuen multzo horretan sartzen da, eta Euskal Herri osoan, terapia hori emateko gaitasuna duen zentro bakarra Donostiako Ospitalea da. Gaur egun bi hilez behin paziente bati ematen zaio, gutxi gorabehera. Badoa pixkana. Bere zelulak dira gaixoari ematen zaizkionak. Pazienteari odola ateratzen zaio, laborategian odoletik linfozito jakin batzuk isolatu eta genetikoki aldatzen dira. Aldaketa horren bitartez, lortzen da zelula horiek gai izatea, espezifikoki, eta bakarrik, tumore horien aurka egiteko.

Aurreratuta zoazte ikerketan? Emaitzak ikusten al dituzue?

Bai, oraingoz emaitzak oso onak dira. CART-T tratamendu honek duen alde ona da, gaur egun dauden kimioterapia eta bestelako tratamenduak baino askoz ere albo ondorio gutxiago dituela. Baina terapia honen arazoa da oso garestia dela, pazienteko 300.000 euro gastatu behar izaten dira. Hain garestia izanik, gaixoari azken aukera bezala eskaintzen zaio eta tratamendua jasotzerako, askotan zoritxarrez ez du bizirautea lortzen. Laborategian aldaketa genetiko hori egiteko bi aste behar izaten ditugu eta batzuentzat epe luzeegia da hori. Gu lanean ari gara laborategiko denbora horiek astebete baino gutxiagora murrizteko, eta ikertzen ari gara nola egin tratamendua merkatzeko. Gaur egun, birus konkretu batzuk erabiltzen ditugu zeluletan aldaketa genetikoak egiteko, oso ondo funtzionatzen dute, eraginkorrak dira, baina denbora eskatzen dute eta garestitu egiten dute tratamendua. Nire ikerketarekin, birusen partez nanopartikulak erabili ote ditzakegun aztertu nahi dugu eta ikusi ea seguruagoa eta eraginkorragoa ote den. Uste dugu etorkizun handiko terapia dela.



Bakarrik ari zara?

Ez, taldean egiten dugu lan. Berez, zelulen modifikaziorako nanopartikulen erabilera, nire tesiaren zuzendarietako bat den Carla Solék abiatu zuen eta, gaur egun, biok daramagu proiektua. Nire tesia zuzenduko duen beste laguna Charles Lawrie da, Onkologia departamenduko zuzendaria Biogipuzkoan.

Zure egunerokoa nolakoa izaten da?

Ez dago egun bat bestearen berdina. Lan exijentea da. Aparteko orduak ez ditugu kobratzen, adibidez. Dedikazio handia eskatzen du, eta zenbait gauzek desordutan aritzea eskatzen dute. Tratamendu batekin esperimentatzen ari zarenean, haren tempoak markatzen du zure lan erritmoa. Baliteke iluntzera arte lanean geratu behar izatea edo asteburutan lanera joan behar izatea zelula batzuen jarraipena egiteko. Biogipuzkoan gainera talde askok egiten dugu lan eta txiki geratzen ari zaigu zentroa. Badaude aparatu berezi batzuk, bakanak direnak, eta horiek erabiltzeko txandaka ibili behar izaten dugu. Libratu daiteke 22:00etan eta orduan joan behar izaten dugu lanera.

Zein abilidade eskatzen du zurea bezalako lan batek?

Pentsatzeko gaitasuna, esango nuke. Saiakera asko egin behar dira esperimentu bat ontzat emateko. Badaude momentuak non ez aurrera eta ez atzera geratzen zaren, eta une horietan konstantzia behar duzu. Poliki-poliki aztertu behar duzu zergatik atera den gauza bat gaizki edota zergatik ondo. Arrazoiaren bila jardun behar dugu uneoro. Beste guztia, praktikarekin ikasten da: teknika, laborategiko lana, pultsua mantentzea... Niri asko gustatzean zait nire lana, besteak beste, etengabe ikasten aritzeko aukera ematen didalako. Nazioarte mailan, gaiaren inguruan egiten diren publikazioak jarraitu behar izaten ditugu gainera.

Euskarak badu tokia zuena bezalako lantoki batean?

Oso txikia. Biogipuzkoan aritzen garen ikerlari batzuk euskaldunak gara eta gure artean euskara da gure ohiko hizkuntza. Baina ikerketa munduan hainbestekoa da mugikortasuna, ezen inguruan beti aldatu egiten zaizkizula lankideak. Oraintxe egiptoarrak, frantsesak eta kolonbiarrak dauzkat aldamenean. Ikerlari hauek aldi motz bat emango dute hemen, eta ez dute euskararik ikasiko. Horrelakoetan ingelesa izaten da gure harremanetarako hizkuntza. Bestela ere, zientzia argitalpenetan normalean ingelesa izaten da hizkuntza nagusia.

Militante feminista zara. Zientziaren esparruan parekidetasunaren alde eragiteko aukera ikusten duzu?

Beste esparru batzuetan baino eragiteko zailtasun gehiago ikusten ditut. Zientziarena instituzio handi bat da eta oso egituratuta dago; orain arte beste arlotan topatu ez ditudan paretak topatu ditut mundu honetan. Kristalezko sabaiarena oso nabaria da zientzian. Gureari begiratu besterik ez dago: doktoratu aurreko ikerlari ia denak emakumezkoak gara, doktoratu ostekoak berdin, eta gero zentroetako buruen gehiengoa gizonezkoa da. Lehen ere aipatu dut gure lanak dedikazio handia eskatzen duela eta ez dela erraza kontziliaziorako neurri eraginkorrak topatzea. Biogipuzkoan baditugu berdintasun talde bat eta urtero errebisatzen den berdintasun plan bat. Dena den, gauzak ez doaz guk nahi bezain azkar.

Txikitatik izan duzu garbi zientzialari izan nahi duzula?

Horrelako zerbait. Banekien ez nuela medikua izan nahi, baina giza gorputza interesatzen zitzaidan. Jakin-mina nuen. Berez batxilergoa bukatuta ez neukan argi zein bide hartu, eta ikaskide batek komentatu zidan Biomedikuntzaren aukera. Ordura arte arrastorik ez nuen, baina animatu nintzen eta Lleidan (Herrialde Katalanak) egin nituen ikasketak. Oso gustura aritu nintzen. Karrerak irteera ezberdinak dituen arren, gehienbat ikerketara bideratzen zaituzte, eta bide hori aukeratu nuen nik. Gradu Amaierako Lana onkologia zelularraren arloan egin nuen Biogipuzkoan eta han nengoela Bilbon master bat egitera animatu ninduten, onkologia molekularrean. Praktikak amaitu ondoren, tutoreak bertan jarraitzeko aukera eman zidan, eta doktoretza hastea erabaki nuen. EHUn matrikulatu nintzen iaz, eta lau urte izango ditut proiektua garatu eta tesia irakurtzeko.

Etorkizunean non ikusten duzu zeure burua?

Ez dut asmo berezirik, ez dut gehiegi pentsatu nahi. Momentuan doktoretzari eta tesiari eutsiko diot. Ez dakit ikerlariaren bidean jarraituko dudan edo ez, bukatzerakoan ikusiko dut. Irakasle bezala aritzeko aukera hor dago eta interesgarria iruditzen zait mundu hori. Ez nuke enpresa batera joan nahi lanera, ez da nire lehentasuna, baina batek dakit. Ikerketa munduan dugun ziurtasun falta ikusita, egonkortasuna lortzeko modu bat izan daiteke enpresaren batentzat lanean aritzea. Ez dakit zein egoeretan topatuko dudan neure burua hemendik urte batzuetara. Ez dut neure burua presionatu nahi.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!