Herribiziguneren funtzio publikoa aldarrikatu dute

Jon Miranda Labaien 2024ko mar. 26a, 19:59

Herritarren borondatezko lanean oinarrituta, irabazi asmorik gabeko herri kooperatiba bat direla esan dute, EAJk esandakoei erantzunez.

Indar erakustaldi bat egin du Herribizigune herri kooperatibak eta modu horretara EAJk egindako kritikei erantzun nahi izan die. Plazaetxeberriko Topagunean egindako agerraldian «minduta» agertu dira eta «gezurrek eta okerreko informazioek» eragin dezaketen nahasteak ekidin nahian adierazi dute eurena funtzio publikoa dela eta ez direla enpresa pribatu bat, EAJk bere idatzian adierazten duen bezala. «Herri kooperatiba gara, irabazi asmorik gabekoa, herritarron borondatezko lanean oinarritzen dena, zeinaren parte udala bera ere baden».

Martxoaren 15ean publiko egindako idatzian EAJk esan zuen, espazio publiko baten sotoa utzi zitzaiola enpresa pribatu bati bere jarduera ekonomikoa egiteko, alegia, «bazkideei esklusiboki zerbitzatzen dien aktibitatea egiteko». Baieztapen hori gaitzetsi dute kooperatibako kideek eta esan dute herrigintzako beste edozein elkarteri gertatzen zaion bezala, ezinezkoa zaiela «legez» publiko kontsideratuak izatea. Nabarmendu dute izaera eta funtzio publikoa dituztela eta euren zerbitzuak herritar orori zuzentzen dizkietela.

Topagunean herrigintzako beste eragileekin batera egindako agerraldian pausoz pauso Herribizigunek sorreratik egin duen bidea azaldu dute kooperatibako kideek. 2018an Zizurkilen zeuden giza baliabideak eta pertsonen arteko saretze eta elkarrekintza sortzeko azterketa gauzatu ondoren, 2019ko udazkenean sortu zuten Herribizigune elkartea. Urte berean, Herriguneko herritarren beharrak eta nahiak jasotzeko helburuz lanketa egin eta orduan identifikatu zituzten elkartearen epe ertaineko lan ildoak. 2023ko maiatzaren 17an egindako batzar eratzailean herriBIZIgune Koop. S. sortu zen. «Irabazi asmorik gabeko kontsumo kooperatiba da, ekonomia sozial eraldatzailearen filosofiaren barruan kokatzen dena. Bere kapital soziala gaur egun dituen 50 bazkideen ekarpen ekonomikoen bitartez osatu da eta ordaintzen den kuotaren bitartez finantzatzen dira herritar guztientzat doan eskaintzen diren jarduerak».

Kogobernantza ereduaz

Bere idatzian EH Bilduren udal gobernuak Herribiziguneri ematen dion «mesede tratua» salatu du EAJk. Esandakoa gezurtatzearekin batera, kooperatibako kideek esan dute udalarekin batera kogobernantza sustatzeko gogoeta egiten ari direla orain. «Herri kooperatibaren bitartez, Zizurkil bezalako herri batek dituen beharrei nola erantzun hausnartzen ari gara. Hasita dagoen eta etengabe sakondu behar den hausnarketa eta konpromisoa bideratzeko, Zizurkilgo Udala kooperatibaren partaide da». Udal gobernuak ere erantzun dio EAJren iritzi artikuluari.

Herribiziguneko kideen esanetan, kogobernantza hiru multzoren arteko erdigunea da: «Publikoa, herri batzarrean ardazten dena; komunitarioa, soziokrazian oinarritzen den antolakuntza duena; eta kooperatiboa, onura soziala sortzen duen irabazi asmorik gabeko herri kooperatiba, bazkideok antolatu eta finantzatzen duguna». Testuinguru horretan eskaintza herri osoari zabaltzen diotela nabarmendu dute. «Nahiz eta bazkide ez izan, zizurkildarra izan ala ez izan,kooperatibak eskaintzen dituen jardueretan zein zerbitzuetan herritar orok aukera berdina du parte hartzeko». Komunitate «bizi eta sendo» bat eraikitzeko, herritar guztiak ongi etorriak direla gehitu dute. «Herri bizi eta bizigarri bat lortzeko helburuarekin herrigintzan ari gara».

Astelehenero biltzen dira kideak Topagunean inguruko ekoizleen produktuak eskuratu eta herritarrekin tarte bat elkarbanatzeko asmoz. Elikadura sarea da Herribiziguneren ekimenetako bat, «ekoizleek beraiek zuzenean jarritako prezioan eskaintzen zaizkie produktuak bazkideei».

Horrekin batera, herritarren jakintzan oinarrituta, elkarri zerbait irakasteko hitzorduak egiten dituzte hilean behin. Eskuetatik eskuetara izena jarri diote egitasmoari, eta orain arte, trentza tailerrak, txalaparta ikastaroa, etxean garagardoa egiteko saioa edota collage teknika erakustekoa egin dituzte. Gainera, arropa trukaketa komunitarioa sustatzeko txoko bat atondu dute, eta hileko hirugarren ostiraletan, zinemaz gozatu eta elkarrekin hausnartzeko aukera izaten dute Topagunean.

Errigora saskien banaketan laguntzen dute, baita ere Herribizigunekoek, Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari bultzada emateko asmoz. Urtean zehar, formazio saioak, hitzaldi eta erakusketak egiten dituzte eta komunitatea indartzeko hainbat irteera egiten dituzte elkarrekin. Lurrama laborantza herrikoi eta iraunkorraren azokara joan ziren, adibidez, udazkenean. «Batzar eratzailera iritsi aurretik, beraz, proiektua mamitzen, partekatzen eta ikasten jardun dugu. Aholkulari lanetan Euskal Herrian dauden kooperatiben esperientzia jaso dugu».

Herribizigunekoek «indartsu» defendatu dute euren eredua: «EAJren iritzi artikulua gure aurkako erasoa da, baina baita herrigintzan diharduten ororen aurkakoa ere». Alderdi jeltzaleak euren eredua «jo puntuan» jarri duela uste dute Herribizigunekoek, horregatik irabazi asmorik gabe, komunitategintzan, zizurkildarren bizi kalitatea hobetzen jarraituko dutela hitz eman dute, «herrigintzan dihardugun kolektiboen jardunari balioa emanez».  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!