Zizurkilgo udal gobernuak ez du ulertzen zein den EAJren helburua

Erabiltzailearen aurpegia Zizurkilgo Udala 2024ko mar. 18a, 16:09

Zizurkilgo Udalak harriduraz hartu ditu EAJren azken adierazpenak Ataria hedabidearen bidez.

Zizurkilgo Udalak harriduraz hartu ditu EAJren azken adierazpenak Herribizigune elkarteari lotuta. Ez dakigu zer gertatzen zaion Zizurkilgo EAJri talde honekiko, sarri hartu baitute jo-puntuan. Ez dagokio udalari Herribiziguneren defentsa egitea. Baina entzunak entzun, bi aspektu aipatuko ditugu.

Batetik, askotariko herritarrek osatzen dutela, ideologikoki ere anitzak, eta ez duela ez Udalarekin ezta EH Bildurekin ere loturarik.

Bestetik, Zizurkilgo herrigunean azken urteetan bizien egon den elkartea dela. Elikadura sarea ekimen honen ardatzetako bat da, baina beste asko daude: Zinema emanaldiak hilero, eskutik eskura herritarren jakintza zabaltzeko ekimenak, irteera eta txangoak, euskal ilargi egutegia bezalako ekimenak… Guzti guztiak zizurkildar nahiz bertaratu nahi duten guztiei irekiak eta doakoak. Pentsa, aurtengo Txapel Eguneko txapela Herribiziguneri jartzea erabaki duela Zizurkilgo festa batzordeak, iaz pilota eskolari jarri zion bezala, herrian sortzen duten giroagatik eta egiten duen lanagatik. Aurten beraz, Herribizigunek jaurtiko du festetako suziria.  Eta ez du hori udalak erabaki. Tolosaldeko Ataria bera sarri irakurriz gero, jakin liteke zenbat ekimen egin dituzten urteotan.

Gainontzean, beste datu batzuk erantsi nahi ditu udal gobernuak. Plazaetxeberri erostea aho batez onartu zen 2019ko urtarrilean, luzera begirako inbertsio gisa herrigunean. Aho batez, EAJko zinegotziak barne. Plazaetxeberriko parte hartze prozesua Herribizigune elkarteak gidatzea ere aho batez onartu zen parte hartze batzordean 2019ko udazkenean. Aho batez, EAJko ordezkariak barne, herritar hainbat testigu zirela. Aldiz, 2023an, Herribiziguneko kideak kooperatibako proiektua aurkeztera etorri zen bileran gonbidatuta egon arren ez zen ordezkari jeltzalerik izan, ezta Udalak, idazkariaren oniritziarekin, kooperatibako kide egitea onartu zuen udalbatzan ere, herri onurarako zela iritzita. Ez da nonbait hainbesteko kezka izango jeltzaleentzat.

Gogoeta egitera bultzatu nahi dugu EAJ. Zer lortzen du borondatez eta irabazi asmorik gabe herri giroa sustatu nahian ari diren herritarrak horrela irainduz? Zein da EAJren helburua, herritarrak zatitzea? Bide horretan ez duzue Zizurkilgo Udala bidelagun izango. Zoritxarrez, mina eta tristura eragin duzue hainbatengan, eta hori da kezkagarriena, borondatez eta herri giroaren alde lan egingo duten pertsonak soberan ez dauden jendarte honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!